Partaidetza, kalea eta Juantxoko bokata
Bitxia izan da amaitzear den kanpaina hau. Denok (ia) oporretan gaude, eta pandemia baten ondoren izan dugun lehen kanpaina izan da; horregatik, zalantza eta zeresan ugari sortu ditu. Inoiz ez bezala, hautagaiak udako arropa koloretsuarekin jantzita ikusi ditugu. Inoiz ez bezala, maskarak eta distantzia fisikoa oso presente izan dira ekitaldi eta hitzaldi guztietan.
Distantzia fisiko hori, hauteskunde distantzia ere bihurtuko ote da? Asko idatzi da egunotan partaidetzak hauteskunde hauetan izango duen garrantziaz. Eta nola partaidetza jaisteak balizko sorpresa batzuk utz ditzakeen. Besteak beste, hortaz hitz egin dute egunotan Asier Etxenike eta Iker Iraolak euren artikuluetan, eta hortaz jardun dugu sare sozialetan ere. Nik ez dut uste sorpresarik izango denik, edo partaidetzak, behintzat, halakorik emango digunik. Aspaldi baita Donostiako kale eta auzoak ez direla kartel eta zarataz janzten hauteskunde garaietan. Komunikabideetan jokatzen da azken hamarkadetan hauteskunde lehia. Eta oraingo hauetan hori ez da desberdina izango, arratsaldeak Kontxan eguzkia hartzen igaro arren. Tentsio gehiago ikusten ote genuen kalean neguko hauteskundeetan? Ez dut uste. Kalea eta eztabaida publikoa berreskuratu behar ditugu. Hauteskunde gabeko hiru urte ditugu aurretik horretarako.
Donostiara begira, interesgarria izango da ikustea ea EAJk bere nagusigoa mantentzen duen (botoen %34 izan zuen 2016an), edo EH Bilduk (bozen %20 eskuratu zuen 2016an) tarte hori murriztea lortzen duen. Udal hauteskundeetatik urtebete igarota, termometro interesgarria izan daiteke, nahiz eta legebiltzarreko hauteskundeetako logika desberdina den. Edozein kasutan, EAJ eta EH Bilduren arteko talka bereziki argia da Gipuzkoan, eta maila berean ari da finkatzen Donostian, hauteskunde guztietan. Beste maila batean, PSE-EE igaroko al da hirugarren indar izatera, inkesta guztiek dioten moduan? Eutsiko al dio Elkarrekin Podemosek? Eta PP eta C’s-en baturak onurarik emango al die ezkonkideei? Edo VOXek ekidingo du hori? Hasieran esan bezala, gehiena partaidetzaren baitan egon daiteke. Asier, Iker, asmatuko ez banu, Juantxoko bokata nire kontu.