Paseo Berriari begira
Hala kontatu du 91 urteko atsoak. «Zer izan den niretzat Paseo Berria? Nire haurtzaroa. Eta helduaroa ere bai. Zuretzat zer izan da? Niretzat hori. Eta zer zegoen paseoan? Bankuak. Eta La Casa de Baños. Amak eramaten gintuen bertara, astean behin. Heldutan ni ez naiz bueltatu. Zeren etxean, goizean goiz edo ohera joan aurretik dutxatzen nintzen. Badakizu nor zebilen hango arduradun? Gogoratzen duzu Cholis apaiza? Bada, bere ama. Paseoaren amaieran, egun Oteizaren zera hori dagoen tokian, Baleares gurutzaontziaren estatua zegoen. Karmengo Ama Birjina bat ere bazen. Eta oroitarri bat, izenez josia. Balearesen hil ziren marinelenak ziren, gurutzaontzi frankista bat. Paseo Berriari besamotzen paseoa ere deitzen zioten, ez zirelako bertako bankuetan esertzen ziren maitaleen eskuak ikusten. En fin».
Izen gehiago ere izan ditu: Gazteluaren paseoa, Urgulleko paseoa, Jose Antonio Primo de Riverarena… Sorrera solemnea izan zuen. Elementu apur bat viktoriarrek osatzen dute haren kronika, besteak beste: Urgullen eta haren inguruen jabe zen ejerzitoa; Alfonso XII.aren deklarazio bat, «berorren maiestatearen nahia da hiriari baimena ematea Urgull mendiaren magalean paseo bat eraikitzeko»; hotel bat eraiki nahi zuen erosle ingelesa eta bertan behera geratzen ziren enkanteak. Izan prezio garestiegiagatik eroslerik ez zelako, edo Lehen Mundu Gerragatik.
Zatika eraiki zen. Lehenengoa Maria Kristina erreginak inauguratu omen zuen, 1916an. Alkateak, haren izena gogoratzen ez dudan konde batek eta hainbat gizonkotek egin zioten harrera, lore sorta eta guzti. Zilarrezko guraize batzuekin moztu zuen zetazko zinta. Autoz gurutzatu zuen paseoa eta oinez egin buelta. Amaitzean, «gertutasun keinua bat» izan omen zuen publikoarekin, eta txalo egin zioten. Zuriketa eta liturgiak. Oso donostiarra.
Dotoreziaren zigilua eta kutsu handiustea ditu paseoak. Physis eta nomos bereizi, gailendu dadila gizona eta egin bedi paseo dotore bat olatuen gainean. Itsasoak hartu ohi du, ordea, jaten diotena. Horregatik, itxi eta irekitzen dute aldian aldiro, intermitenteki. Edonola ere, bilakatu da paseoa neurri batean herriaren luxu komunal. Denok behar dugu arnasgune estetiko bat noizetik noizera. Paseo Berria aproposa da horretarako.
Ikusiko dituzu igande batez kuadrillan planik atera ez, eta elkarren sostengu abiatu diren bi lagun. Muturrez aurrera jausi eta negarraldia behar baino gehiago luzatu duen umea. Urgulletik behera hiru egunez luzatu den zita izan duen bikotea jaitsiko da. Biek dakite bietako zeinek engainatuko duen bestea, baina horrek ez du axola oraindik. Azalduko da norbait txabusina barrubiguna eta aurikularrak soinean. Azkenaldian, pentsamenduak ozenegi zaizkio eta soilik podcastak entzuteko da gai. Aurrerago, neskatxa mengel bat erdi saltoka dabilena, barne zurrunbilo alegreago batean. Beste batek argazki bat igoko du sareetara, poema belaxka batekin. «Itsaso» beharrean «itxaso» idatziko du. Nobela batean esaldi dotore bat irakurri eta horretan pentsatzera irten den bat pasatuko da. Ajea oxigenatzeko kresala bilatu duen beste bat. Usoei beldurra dien hirukote bat. Kaioiei begira zopatuta gelditu den nerabea. Behobia helburu duten batzuk. Bisoi faltsua begiko duen andra. Goretex oinetakoak, Martens botak, patinete elektriko bat. Olatuak busti duen turista. Turistaz barre egin duen atsoa. Txipironera bat eduki nahi lukeen gaztea.
Paseoa zapaltzen duen oinkada bakoitzeko pasaide bat, bere mobidekin. Denok behar dugu arnasgune estetiko bat.