Patxi errementaria ‘Irati’-ren estreinaldian
Patxi errementaria gaizto amorratua da, badakizue. Arima deabruari saldu egin zion. Deabruak zorra kobratu nahi izan zionean, berriz, larrutik ordaindu zuen, Patxik behin eta berriz iruzur anker baino ankerragoak egin zizkiolako. Horregatik, Patxi hil eta infernura joan zenean, deabruak atea ireki ere ez zion egin, badaezpada. Zerura joan zen orduan Patxi, baina San Pedrok garbi utzi zion han ez zegoela harentzako lekurik. Eta, geroztik, ez zerurik ez infernurik, hor dabil errementaria, etengabe munduan barrena, alderrai.
Urtero, baina, Donostiako Beldurrezko Astean geldialdi bat egiten du. Batzuek uste dute Paul Urkijoren eskutik etorri zela lehen aldiz, 2018an, baina ez da horrela, nik beti-betitik ezagutu baitut, eta ez dut esango lagunak garenik –Patxik ez du lagunik, noski–, baina elkar agurtzen dugu euskaldunok sarri indiferentziaz mozorrotzen dugun konplizitate horrekin.
Lehengoan, Irati filmaren estreinaldia zela eta, begiradarekin bilatzen aritu nintzen Antzoki Zaharrean ea Patxi aurkitzen nuen. Eta, bai, han zen. «Proiekzioa bukatutakoan, hurbildu eta galdetuko diot zer iruditu zaion», pentsatu nuen. Bukatutakoan, baina, aretotik ateratzen zen jendartean begi-bistatik galdu nuen.
Baina hurrengo proiekzioa hasi aurretik Ordizia tabernara joan, ogitarteko bat eta botila bat sagardo eskatu, eta hara non konturatu nintzen Patxi ondoan nuela, Ibarrako langostinoak jaten. «Sasoi bukaerako piper hauek minak dituk, e!?», saiatu zen begi ertzetik zerion malkoa justifikatzen. Alferrik, bistan baitzen Irati-k zeharo emozionatuta zegoela. Bere plateretik piper bat hartu eta kosk egin nion. «Bai, bai, batzuetan oso minak, gainera», erantzun nion, eta segituan bere basoa eta nirea sagardoz bete nituen, horrek piperren ustezko mindura arintzen lagunduko zuelakoan. Zer esan behar nion, ba? Deabruari ziria nahi bezainbestetan sartuko diozula baina niri ez? Eta orduan non geratuko litzateke euskaldunon artean sarri indiferentziaz mozorrotzen dugun konplizitatea?