Pausoak
Beñat eta Unai Gaztelumendi, bertsolariak
Aurten ere, bi urtez agertu gabe egon ondoren, Olentzero etorri zaigu Gabonetan. Aurten ere kamiseta bat utzi digu sutondoan. Aurten ere autobusa hartu eta Bilbora joan gara. Aurten ere Euskal Selekzioaren partidua ekarri digu. Ez dakiguna da oparia edo ikatza izango den.
Nazio bakoitzak behar ditu bere sinboloak. Eta, garaiotan, futbola baino sinbolo handiagorik ez dago. Horregatik Espainiako Estatuan autonomia erkidego guztietan jokatzen dituzte partidak, aldarrikapen kutsua kentzeko. Festa bat izango omen da guztia. Futbol partida soil bat. Eta euskaldunoi txokokeriatan aritzea leporatzen digute; mundua geroz eta handiagoa dela, mugak urtzen ari direla, globalizazio garaian bizi garela; eta guk «bereziak» izan nahian jarraitzen dugula. Selekzioaren izenarekin eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko jokalariek jokatzearekin tematuta. Horixe diote urte guztia kamiseta gorria jantzita daramatenek.
Guk, abertzale tematiok, ez den herri bat aldarrikatzen omen dugu normalizazioaren garaiotan. Ideologien gainetik dauden eguneroko arazoez hitz egiten omen dute gaurko politikariek, herritarrok benetan kezkatzen gaituztenez. Akaso ahaztuta izango dute Espainian gehien saltzen den egunkariak kirolaz soilik hitz egiten duela, eta etengabe goratzen dutela nazio espainiarra. Akaso ahaztuta izango dute mugak deuseztatzen ari diren garaiotan harresi batek bereizten dituela Hendaia eta Irun, eta ETBko albistegietan nekez jakingo dugula Bidasoaren beste aldean zer ari den gertatzen.
Eta guri lotsa ematen digu kontra egiteak, aspertuta gaude oporretara joaten garenean euskaldunak garela azaltzen jardun beharrarekin. Baina guk ere behar ditugu gure sinboloak, ikusi egin behar dugu gure herria. BEC izan daiteke sinbolo, Durangoko Azoka ere bai, Berria ere bai… Egunotan Iñaki Perurena bera ere bilakatu da. Kazetari batek, herritarren eguneroko gaiez kezkatzen den kazetari batek, ia barrez galdetu zion zergatik sentitzen zen euskaldun. Iñaki Perurenaren argudioak harria baino pisutsuagoak izan ziren. Eta 20.000 pertsonak ikusi dute youtuben jada.
Kirolariak pausoak ematen ari dira. Baina pena da kirolariak bakarrik aritzea.