Pena da
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Erraza da, ezta? Ahots kordei eragin, mihia eta ahoa behar den bezala mugitu eta hitz egin. Horixe da dena. Hori da hitz egitea, besterik ez. Ez du beste ahaleginik eskatzen. Ez dauka beste esanahirik. Batek hizkuntza bat hautatzen du eta beste batek beste bat, supermerkatuan zereal batzuk edo beste batzuk aukeratzen dituen modu berean. Ez dauka beste misteriorik. Hori da esaten digutena. Baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi erantzungo luke Ruper Ordorikak. Edurne Brouarden elkarrizketa bat ekarri zuen orain egun gutxi Zazpikak. Eta titular hauxe jarri zioten: “Korrika, AEK bezala, hiltzeko jaio zen. 31 urteren ondoren penagarria da oraindik ere Korrika egin behar izatea”. Egin behar izatea. Euskararen alde lasterka egin behar izatea. Hitzak ahots korden bibrazio soila direnean, mihiaren eta ahoaren mugimenduak soilik bereizten dituenean hizkuntza bat eta bestea. Korrika egin behar izatea. Bada aldea diskurtso batetik bestera. Hizkuntzak ez direlako supermerkatuko apal beretan jartzen. Egunero aldatu behar izaten dugu hizkuntzaz tabernariari kafea eskatzen diogunean, medikuari mina non dugun azaldu behar diogunean, udaltzainari autoa gaizki utzi arren isunik ez jartzeko eskatzen diogunean. Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzen dugu. Baina, gehienera ere, elebidun izango gara. Txokokeriatan gabiltzala esaten digute, bereizketak egiten aritzen garela. Erantzun beharko genieke ez garela gu bestearen hizkuntza ikasten ez dugunak. Euskaldun izatea ez baita aukera soila. Ahalegin bat eskatzen du. Telebista, film, egunkari, denda, taberna eta antzoki gehienetan agertzen ez den hizkuntza batean aritzea eskatzen baitu. Munduaren aurka etengabe borrokan ari garela sentiarazten digu. Eta, halako batean, iristen da Korrika, eta begien bistan ikusten dugu badela lurralde bat hizkuntzak egituratua, hizkuntzaren erritmora joan nahi duena. Badagoela lekuko bat eskuz esku, belaunaldiz belaunaldi igarotzen dena. Badagoela komunitate bat hauteskunde garaiotan ere hizkuntzak batzen duena. Hizkuntza izan daitekeela eguneroko borroka baino zerbait gehiago: izan daitekeela festa, izan daitekeela ospakizun. Baina, pena da bi urtero gogorarazi beharra.