Pentsio sistema publikoaren alde
Apirilaren 4an Europako Parlamentuan Pentsio Indibidual Pribatuen Europako finantza-produktuari (PEPP) buruzko erregelamendua onartu izanaren bidez, Europako finantza-lobbyak berriro ere lortu du bere interesak Europako herrialdeen interes orokorren gainetik jartzea.
PEPP horiekin, Europako finantza-sektoreak beste aurrezki bat kudeatu nahi du bankuek eta aseguru-etxeek erabil dezaten, bere boterea areagotzeko eta inbertsio publikoen politika erabakitzeko. Ildo horretan, botere ekonomiko nagusiak (Europako Banku Zentrala) eta Europako Kontseilua gogor ari dira presio egiten, gobernuek pentsio-plan pribatuak ezar ditzaten, pentsio publikoei eusteko ezintasunari buruzko argudio faltsuak erabilita, horiek murrizteko, eta horrekin, aldi berean, gizarte desberdintasunak areagotuz.
Onartezina da Europako politikek eta politika publikoek pentsio-sistema publikoari jarritako zailtasunen aurrean Europako Batasunak, eta, zehazki, Europako Kontseiluak, hartutako neurri bakarra izatea Europako herritar askoren aurrezkiak bankuen eta aseguru-etxeen esku uztea. Era berean, ezin da onartu nolabait ere nahi izatea dirua aurrezteko gaitasunik ez duten herritarrek, gehiengoa direnek, laguntzea, kenkari fiskalen bidez, plan pribatu horiek kontratatzeko aurrezkiak dituztenak finantzatzen.
Pentsio-sistema publikoaren aurkako eraso horien aurrean, inoiz baino indartsuago dagoen pentsiodunen mugimenduak, beste hainbat biztanle-sektorerekin batera, jarraitu egin behar dio ekindako bideari, mobilizazioaren bidez bere aldarrikapenak defendatuz.