Piñata igandea
Piñata igandea edo Eltze itsu eguna Donostiako zenbait auzotan ospatzen da. Inauterien ondoko asteburua berezko inauteri ospakizuna da Altzan eta Trintxerpen, esaterako. Euskal Herriko beste herri batzuetan ezaguna da inauteri ospakizunak izendatzeko, bai eta Espainiako Estatuko hainbat lekutan ere. Inaute igande ondorengo igandeari esaten zaio, berez, inaute garaitik kanpo hortaz, kristautasunak Garizumarekin antzinako erritu paganoetan ezarritako denbora markoaren arabera.
Donostiako inauterien kasuan, muga kontuak oso presente dauden bi testuingurutan dute indar handia. Trintxerpen, esaterako. Azkuene kalearen erditsu parean dago Pasaiarekin muga, baina beronen bi aldeetan hartu zuten bizilekua joan den mendean Galizatik etorritako beharginek. Inauteri tradizio sendoa duen lurraldea da Galiza eta formaz eta edukiz egun famatu diren Galizako hainbat landa eremuko inauteriekin zerikusi askorik ez badute ere, Trintxerpen aski errotuta dago inauteria, eta ospakizun handia da Piñata eguna.
«Hiriko erdigunea zeharkatzen duen desfile koloretsu eta zaratatsuan, nagusiki, egunerokoan bazterreko kontsideratzen diren auzoetako hiritarrek hartzen dituzte erdiguneko kaleak»
Gerra amaitu berritan burutu zuten Altzaren anexioa eta, horrekin batera, ordura arteko baserri eremuko paisaia fisikoa zein soziala goitik behera aldatu zen. Egun, Donostiako auzoez hitz egiterakoan, hiriaren orografiari erreferentzia egiten dion izendapena baliatzen da maiz, «auzo garaiak» (los barrios altos), bilakaera honen ondorioz gerra ondoan sortu ziren auzoak izendatzeko. Lanerako etorritako jendeak bete zituzten goi muinoetan, kale aldapatsuetan zerurantz begira eraiki zituzten etxebizitzetako pisuak.
Urteak igaro dira ordutik, baina Altza ez da Donostiako turismo bulegoak iragartzen duen hiriaren panoraman ageri, inauterietan ez bada. Konpartsen osaketan, azken urteotan Europatik kanpo etorritako migratzaileek hartzen dute parte, beste herritarrekin batera, auzoa nortzuk osatzen duten seinale. Aisialdi taldeengan dago konpartsen antolaketa eta ikusgarria izaten da desfilea. Farfaila eta urrez zipriztindutako koloretako jantzi ikusgarriak ahaleginaren seinale dira: entseguetan emandako orduak, koreografiak barneratu eta taldekatze lana, bai eta hainbatetan jantziak osatzeko esfortzu ekonomikoa zein deskantsuari ostutako denbora. Hiriko erdigunea zeharkatzen duen desfile koloretsu eta zaratatsuan; nagusiki, egunerokoan bazterreko kontsideratzen diren auzoetako hiritarrek hartzen dituzte erdiguneko kaleak. Piñata igandez, musika, dantza eta mozorro festa auzoan gozatu ahal izango dute, azkenengoz, inauteriak festa giroan despeditu aurretik.
