Pintxo-Poteo
Xabier Otaegi, pailazoa
Euro bakar batekin, basoerdi bat ardo edo garagardorekin batera pintxo bat, astean egun batez, ordaintzeko aukerari jarri dioten izena da pintxo-pote. Hileta baten ondoren, aspaldiko adiskideak tragoska bat edatera bildu ginen batean eduki nuen lehenengo esperientzia. Euro bakar batez Errioxako ardoa eta txanpinoi pintxo bero eginberri bana dastatu genuen, taberna horretantxe normalean hiru euro edo gehiagotan ordaindu behar den kontsumizioa. Harritu bakarra izan ez nintzenez lagun arteko solasaldia aukera berri honetara bideratu zen. Prezio honetan ere tabernariak irabazten badu, zergatik ez du aukera hori egun guztietara pasatzen? Zergatik ez du edari eta janari gehiagorekin ere gauza bera egiten? Zergatik demonio ordaindu behar dugu hainbeste, dexente gutxiagorekin ondo pagatua gelditzen dena? Eta era honetan, pintxo-pote gozo merkeak dastatuz, adiskide zaharrekin topatu eta pintxoak, eta batez ere, poteak hartzeko ohitura faltaren ondorioz, berotzen joan zen gure iluntzeko jardunaldia. “Eta pintxo-pote sistema hau tabernatan erabiltzeaz gainera jatetxeetara ere eramango balute?”, zioen batek. “Hiruzpalau eurotan bazkari duin eta ikusgarriak eskuratuko genituzke”. “Tabernak, jatetxeak eta hotelak ere bai», esan zuen beste batek. “Imajina ezazue asteburua halako lekutan, gosari, bazkari eta afariak gehi logela, hogeita bost eurotan jartzea guztiz posible izango litzateke”. Errematerako hirugarren batek ondo pentsatu ondoren bota zigun: “Bai, hori dena gehi joan-etorrirako hegaldia, mantenu osoa eta hegazkina berrogehi eurotan jarriz gero, oso posiblea eta gainera arrakasta handiko negozioa izango litzateke”. Edukazio onak hala eskatzen duelako nola bukatu genuen ez dizuet aitortuko. Aspaldi parteko adiskideak berriro noiz bilduko ginen galdetuz elkar agurtu genuela aipatu bakarrik. Biharamunean, berriz, espero ez nuen deia jaso nuen. Lagun haietako batek, denetan isilenak, hots egin zidan esanaz, bezperakoaz pentsatzen pasatu zuela gau osoa. Pintxo-pote sistema gizartearen esparru guztietara eraman beharra zegoela. Azokatan egun zehatzetan produktu multzo bereziak jarriaz eta prezio onean salduaz. Motoak, autoak, aseguruak, etxebizitzak, erremintak, makinak, liburuak, jantziak… salerostea posible den edozer gauza, egun berezietan, behar bezala aukeratu eta prezio egokietan eskaintzea lortzeko mugimendu soziala sortu behar genuela. Pentsatuko duzuen bezala ideiak txundituta utzi ninduen, eta segituan jarri ginen biok martxan, lagun gehiago erakarri, ideia berriaren filosofia zabaldu, mugimenduaren arauak idatzi, eta garrantzitsuena, istorio honi izen erraz eta esanguratsua jartzen. Pintxo-Pote jarri genion izena eta azierto honen arrakastarekin batera iritsi zen lehenengo eta betirako porrota: izenaren akronimoak kalanbrea eman zigun bioi: P.P.