'Planik ezagatik ez dadila izan'
Urteak pasa dira Donostiako Parte Zaharra birgaitzeko egitasmo integral bat idatzi eta abian jarri zenetik. Hark, udaletxeko talde politiko ezberdinen artean adostasun zabala lortu zuen eta baita ere auzotarren aldetik interes handia piztu zen Konstituzio plazako Udal Liburutegiko aretoan antolatzen ziren asanbladetan. Batzar haietan parte-hartze handia izaten zen eta plana idatzi zuten arduradunek esplikatzen zituzten zehaztasunak. Aipaturiko planean bizitegi-faktorea beraren lehentasunezko karaktere bezala begiesten zen, hots, auzotarrak planeko subjetu nagusiak ziren. Eta horrela, ahalegin ekonomiko ukaezin batean auzotarrak bete betean inplikatu ziren eta oraindik ere inplikatzen ari dira planean, etxeak, fatxadak, teilatuak, patioak, eskailerak, atariak birgaizten, igogailuak instalatzen, eta abar.
Baina lehen aipatu dudan moduan, plana integrala zen, hots, ez zen urbanistikoa soilik, soziala ere bai, horrela garbi aipatzen zen auzokideek itxaropenez jasotako proiektuan. Horrek esan nahi zuen (eta esan nahi du) instituzioek laguntza ekonomikoak eta kaleen urbanizazioaz gain, birgaitze sozial bat lortzeko, auzoari beharrezko azpiegiturekin hornitu behar zizkiotela.
Horrela, sortu ziren egun eskas eta zaharkitua geratu den anbulategia, Haur Liburutegiaren ondoan, egun erabat urri gelditu den Orixe Ikastola, haur parketxoa… eta kitto; eta nahiz eta auzoko bizilagunek, kirol, kultur, gastronomia eta auzo elkarte ezberdinek behin eta berriz erreibindikatu dituzten kirol zein kultur gune duinak, udalaren aldetik isiltasuna edo afera luzatzea deus ez egiteko izan da erantzuna.
Kasua da gaur egun birgaitze plan ospetsu hori herren geratu dela, amaitu gabe eta horrela, kultur gune gabe eta kirol gune estalirik gabe jarraitzen dugu (auzoko gaztetxoek kirola egin nahi badute eta euria ari badu, beste auzoetara derrigorrez joan behar dute, kirol instalazio estaliak eta baldintza duinak dauzkatelako; adarra jotzen digute Arrandegiko anbulategiarekin, frontoiaren estaltzearekin, eta abar. Eta orain, gainera, Orixe ikastolako handitzea bertan behera geratzen da instituzioek erabaki dutelako Santa Teresa eraikin publikoko gune bat erabil zezakeen auzoan dagoen eskola publiko bakarrak, proiektu pribatu batentzat eskaintzea. Horrela, bat bestearen atzetik.
Ez dakit ze interes ilunak gidatzen dituen gure udal-arduradunak, baina errealitatea da gure auzoko biztanleriari inork ez diola jaramonik egiten, aldiz, beste gizarte-sektoreek (ostalaritza eta merkataritza kasu), begirune osoz tratatuak izan eta izaten dira (ez denak, noski) udal instituzioen aldetik. Eta horren ondorioz, azken urteetan Parte Zaharreko nortasuna erabat aldatzen ari da. Laburbilduz, apurrak auzotarrentzat eta turismoarekin pagotxa aurkitu dutenentzat, alfonbra gorria.
Auzoko zorua jada ez da auzotarrena, egun ostalaritzak eta merkataritzak partekatzen baitute; horren lekuko gure kaleak terrazaz, mahaiaz, aulkiaz, apalaz, toldoz, sandwichez etab. josita daudela ikustea besterik ez dago. Gainera dena irizpiderik gabe, establezimendu bakoitzak nahi duena egiten, udal-arduradunek beste aldera begiratzen duten bitartean, Badirudi hauek gustura daudela egoera honekin non gau-iskanbilak gero eta sarriagoak diren. Halaber, ostalari zein merkatari batzuen eta bizilagunen arteko interesek talka egiten dute gero eta gehiago. Egoera, Parte Zaharra batez ere bizitegi-auzo bat helburutzat hartzetik, egun turismoarentzat izatea pasatu da. Horrek bultzatzen du talde inbertitzaileen aldetik etxebizitzen eta lokalen espekulazioa dakigun ondorioekin: etxebizitzen garestitzea, pisu-turistikoen eta pentsioen ugaritzea, mota zehatz bateko ostalaritza zein merkataritzaren kokatzea, eta abar. Tamalez gaur egun gutxi dira merkatarien eta ostalarien lokalak oraindik mantentzen bertako nortasuna, bezeroekiko gertutasuna, konfiantza, elkarrekikotasuna, profesionaltasuna… hots, auzotik hurbil. Haatik, ikusten ari gara irekitzen diren establezimendu berriak turismoari zuzenduta daudela eta horiek kudeatzen dutenek ez dute auzoarekin loturarik eta bertakoak tratatzen dituzte turistak direlakoan. Guzti hauek adibide besterik ez dira egoera honetara nola iritsi garen ulertzeko. Horrela, Birgaitze Planak ez dituela itxaropenak bete esan daiteke, auzotarrak kontuan hartuak izan ez direlako.
Orain, udalak Parte Zaharrerako esku-hartze integral bat proposatzen du, ikusita auzoa noraino iritsi den ostean, noski. Auzoko biztanleak oraingo honetan kontuan hartuak izateak desiragarria izango litzateke eta ez lehengoan gertatu den bezala, bestela akats berak errepikatuko lirateke eta emaitza honekin: harri berberan talka egin eta denbora alferrik galdu. Udal arduradunak bidetik aldendu ez daitezen eta ager daitezkeen akordioak bete ditzaten bizilagunei dagokigu zaintzea, Parte Zaharreko auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Ikusten dugunez, planak badaude, baina horiek ez dute ezertarako balio, ez badira adosten eta gero betearazten.
Manu Errazkin, Parte Zaharreko bizilaguna