'Plaza Berria' izena sustatzeko egutegi bat
Pixkanaka, baina ari gara berreskuratzen Plaza Berria izena. Parte Zaharreko plaza nagusia da. 1722koa denez, lekuak 300 urte bete zituen 2022an. Euskaraz eta modu herrikoian, Plaza Berria izena erabili zen XX. mende erdialde arte, baina frankismo garaiko debekuekin galdu egin zen. Beste hainbat hiritako “plaza berriak” bezala (Bilbo, Gasteiz, Tolosa, Tafalla…) estilo neoklasikokoa da, oinarri karratukoa, eta harrizko arkupeak ditu, euria egiten duenerako babesa eskaintzen duena, Bertan ospatu ohi dira hiriko jai handiak. Gaur egun, ez dugu apenas ezagutzen, baina XIX. mendean plazan antolatu izan ziren ihauteriak benetan ikusgarriak izan ziren. Garai hartan lagun taldeek antolaturiko inauteria da, konpartsetan (eraldeak ere deituak) antolaturik eta erakunde ofizialetatik at. 1814tik aurrera, Jose Bizente Etxagaraik inauterietarako idatzitako pieza bereziak egin zituen, geroago Raimundo Sarriegik ere bai, konpartsek erabili eta herritarrengan inauteri giro kutuna sortzen lagunduko zutena. Lan erraldoia egin zuten eta hori jasota dago Antero Aranzamendiren Eraldeak liburu txukunean.
Historian, plaza honek izen desberdinak izan ditu: Plaza Berria, Plaza de la Constitución eta Plaza del 18 de julio. Plaza Berria da izen zaharrena. Egungo izena 1820an jarri zioten, ez udalaren aginduz, ez plazari bizitza ematen zioten konpartsa edo eralde horiek eskatuta, baizik eta orduko Donostiako elite liberalek. 1898an, Donostiako Udalak bi izendapen onartu zituen ofizialki: gaztelaniaz, Plaza de la Constitución eta, euskaraz, Plaza Berria, “herritarrek erabiltzen zutena”. Modu herrikoian, Plaza Berria izena erabili zen urteetan (1722tik 1936ra). Hala ere, frankismo garaian Konsti izena ere hasi zen erabiltzen modu herrikoian, orduko izen ofizial Plaza del 18 de julio ez erabiltzearren.
«1898an, Donostiako Udalak bi izendapen onartu zituen ofizialki: gaztelaniaz, Plaza de la Constitución eta, euskaraz, Plaza Berria, ‘herritarrek erabiltzen zutena’»
Badira hiru urte hamar bat lagun biltzen garela informazioa biltzeko eta jatorrizko izena berreskuratzen saiatzeko. Eta, aurten, egutegi bat atera dugu. 1723ko Donostiako mapa batean ondo ikus daiteke orduan bi plaza zeudela: Plaza Vieja, gaur egungo Bulebarrean egongo zena, eta Plaza Nueva, gaur egungo Plaza Berria. Egutegian 24 egun markatu ditugu, Plaza Berrian urtean zehar ospatzen direnak: San Sebastian eguna, inauteriak, San Joan bezpera, Aste Nagusia, Euskal Jaiak, eta San Tomas eguna.
Informazio gehiago lortzeko egutegiko behealdean Interneteko bi helbide jarri ditugu: Plaza Berria izena non erabiltzen hasi direnaren ingurukoa eta Euskal Wikipediako artikuluarena. Hor ere informazio asko aurkituko duzu: historian zehar plazak hartu dituen izen aldaketak, ospakizunak urtean zehar argazki historiko ugarirekin, Euskal Herriko beste Plaza Berri batzuk, Donostiako Plaza Berriko bertsoak (1817)…
Disfrutatu eta zabaldu lagunen artean, mesedez.
