'Plisti-plasta'
Jon Odriozola, kazetaria
Iragan astean zehar, tarteka joaten naizen kiroldegian, zera irakurri nuen sarrerako atean: “Igandean, haurrentzat, ur-ludoteka (jolasgunea) igerilekuan”. Ez nuen igandera arte itxaron beharrik izan. Larunbata arratsaldean, Anoetan –eta non ez– blai amaitzeko adina ur ikusi bainuen nire inguruan. Estadioko zingira edo futbol zelaian partida jokatu zutenek ur-ludoteka moduko bat ezagutu zuten. Jolasteko aukera gutxi. Eta zer esanik ez futbolean jokatzeko. Eskerrak txuri-urdinek lehen zatiaren azken txanpan gola sartu zuten, bestela. Izan ere, ordura arte ez baitzen Almeria batere kamuts ibili. Aurrean jokalari onak ditu. Atzean, berriz, defentsan, ez dabil fin, nahiz eta atezain bikaina duen atepean (Diego Alves). Zorionez, Reala, ez zen euri-jasan hondoratu. Halere, bigarren zatiaren hasieran Andaluziarrak, zelai bustian –igerilekuan, alegia– jokatzen, Reala baino ohituagoak zeudela zirudien. Hobeto moldatu ziren. Amaieran, garaipena, eta ahalik eta arinen aterpe epelera. Garaipen oso garrantzitsua. Oso. Arerio zuzen bati irabaztea beti baita zaila. Igandean Bernabeura. Mourinhoren koadrila Osasunak urperatu zuen Iruñean, eta ez da giro Etxe Zurian. Liga eskuratzeko aukera urruntzen ari zaie eta ez dira azkenaldian txukun jokatzen ari. Ezinean dabiltza. Ea ur nahasi horietan Realak altxor txiki bat ateratzeko aukera duen. Halere, Realaren benetako hordagoa, Madrilgo partidaren ostean hasiko da. Liga amaiera bitartean, bere arerio zuzen-zuzenek Anoetatik igaro beharko baitute. Lehen bisitariak, Osasuna eta Mallorca. Jarraian biak. Bata bestearen atzetik. Bigarren itzulia ez da batere samurra. Asteburuan, adibidez, nafarrek, Levantek, Sportingek eta Zaragozak garaipen garrantzitsuak erdietsi zituzten. Beraz, lehenbailehen 42 puntuko ametsa lortu, eta gero gerokoak. Hankak lurrean! Eta urari aurre egiteko oinetako onekin bada, hobe! Heze samar etxeratu bainintzen. Garaipen batek dena arintzen du, baita larunbatetik soinetik kendu ezinik daramadan eztula ere…