Politika eta futbola (ez beti)
Etorkizunera ari naiz idazten, zeren ez dakit zer gertatu(ko) den apirilaren 21eko hauteskundeetan, baina suposatu dezaket hauteskunde kanpainaz, itunez eta lehendakaritzaz, nazkatuta egon zaitezkeela. Bide batez, ulertuko nuke hemendik aurrera irakurtzeari utziko bazenio, hauteskunde kanpainaz arituko bainaiz.
Ez naiz politologoa, baina haiei entzun diet, oro har, oso kanpaina maskulino eta futbolzalea izan dela. Izan ere, alderdi politiko guzti-guztiek, salbuespenik gabe, garaipen bat erabili zuten politika egiteko, eta, kanpainarako, irabazleen ontzira igo ziren. Oraindik ulertu ez duenarentzat, gabarraz ari naiz. Irabazle eta galtzaileen aldarria oso ohikoa da, azken batean, hauteskundeak, nolabait, garaile eta garaituen festa politikoa dira, eta beti esaten da jendeari irabaztea gustatzen zaiola.
Kopako finalaren biharamunean, lurralde orekaren bila, EAJko lehendakarigaia Anoeta inguruan aurkeztu zen. Hemen ere ez da politologoa izan behar, Anoetaren moduko eraikin bat fondoan izanik, eta aurrekariak kontutan hartuta, asmoak nondik joango ziren asmatzeko. Argi eta garbi zegoen futbolaren erabileraren txanpa arrakastatsua beste lurraldeetara zabaltzea izan zela alderdiaren apustua. Burutik pasatu zitzaidan lehen ideia izan zen «kopa Euskadira ekartzeko garaia zela» aldarria berrerabiliko zutela, Realaren maiatzeko finalarekin, oraingoan, gipuzkoar futbolzaleon botoa eskuratzeko. Ez zen hori gertatu. Eta EAJren lehendakarigaiak 50 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen Anoeta Kirol Hirirako.
Lehendakarigaiaren aholkulariek ez zuten pentsatu emakumezkoen futbola politika egiteko material interesgarria zenik. Eta horrek, tamalez, donostiar eta gipuzkoar gizarte futbolzaleari buruz asko esaten du
Hirugarrenez, ez naiz politologoa ezta aholkularia ere, baina printzipioz, esango nuke ataza erraza zuela: alde batetik, futbola zuen (orduko kanpainako osagarri errepikakorrena) eta bestetik, emakumeak. Emakumeak eta kirola, eta emakumeak eta (txertatu hemen) nahi duzuna. Are gehiago, emakumeen presentzia eskasa izan den hauteskunde kanpaina batean, non emakume lehendakaririk ez dugun izango (jakinaren gainean nago etorkizunera idazten ari naizela, baina ez dut uste puntu honetan sorpresarik izango dugunik). Badakit «Euskadiko kirolgune integral handiena» hitzematea erakargarria dela, eta badakit, baita ere, futbolaz gain, beste mila kirol ere badaudela. Ordea, finalaren aipamen faltak harritu ninduen. Imajinatzen duzue zein trataera izango zuen gizonezkoen final batek? Bueno, imajinatu dezakezue, duela hilabete gertatu baita.
Lehendakarigaiaren aholkulariek ez zuten pentsatu emakumezkoen futbola politika egiteko material interesgarria zenik. Eta horrek, tamalez, donostiar eta gipuzkoar gizarte futbolzaleari buruz asko esaten du, guk emandako garrantziaren isla baita. Prentsako trataera ohi bezalakoa izan da, baina zale gutxiren ahotsak altxa dira esanez ez larritzeko, guk ere final bat jokatzeko dugula.
Klubak ez du hitzordua nahikoa hauspotu, eta ausartuko nintzateke esatera, Realeko zale askok ahaztu dutela finala dagoenik ere. Baten batek inbidiaz ikusi du Sevillan batzuek bizitakoa, Zaragozara joatea planteatu ez duenean.
Partida zaila izango bada ere, zaleok Zaragozara joango gara. Irabaztera. Atera ez ziren gabarrengatik, baita ere.