Politikarien eta herritarren artekoaz
Bizi dugun gizartean «banaketek» eta «ezberdintasunek» indar handia dutela iruditzen zait: Gazteek euren bizimoduak garatzeko eremuak dituzte, haurrek eta adinduek, bereak. Estetika, pentsamendu eta jatorri ezberdinekoen arteko harremanak sortzeko aukera gutxi egoten direla iruditzen zait ere, eta horrek, jendartearen kohesioan, elkarganako konfiantzan eta segurtasuna bezalako sentipenetan eragin zuzenak ditu. Gaurkoan, topatzen dudan beste bereizketa garrantzitsu batez aritu nahi nuke: herritarren eta politikarien artekoaz, hain zuzen ere.
Batzuon eta besteon interesen eta ahalmenen arteko tira-biran batzuek eta besteok bereizten dituzten funtzio, egiteko modu eta pentsatzeko erak aurkitu daitezke. Normala iruditzen zait norberaren balore-sistemek eta, beraz, ideologiek, iritzi aurkakotasunak sortzea. Hala ere, bereizten gaituena ikusteaz gain, partekatzen dugun horretan arreta jartzea «hil ala biziko» hautuan bilaka daiteke: Ekosisteman izaten ari garen eragina, hizkuntzak eta kulturak mantentzeko ditugun zailtasunak, belaunaldi zaharrenek jasotakoa belaunaldi berriei zabaltzeko aukera mugatuak, horren urrun ez dauden herrialdeetan bizitzen ari diren kalamidadeak… Interes eta balore-sistema kontrajarriek sortutako agertoki hau, herritarrek tokikotasunetik sortzen dituzten estrategien bidez bideratzea lortuko ditugu, eta tokiko herritar eta ordezkari politikoen arteko harremanaren kalitatea eragile izango da horretan.
Hori lortzeko, funtsezkoak iruditzen zaizkit Donostiako Ekialdeko Barrutiaren moduko administrazio organo txikiak, herritar antolatuek eta udaleko ordezkariek gertutasunetik eta ardurak partekatuz ekimenak martxan jartzeko agertokiak. Egia da eguneko eginbehar eta eginahien ondotik ez/berdinen arteko bilguneetan parte-hartzea gehiegi eskatzea dirudiela (gure bizimodua errazteko ekonomia partekatuetan oinarritutako alternatibak martxan jarriko ditugu ba, egunen batean!) eta egia da ere panorama politikoan aurkitzen diren ezkutuko egia, gezur eta itxurakeriak handi eta arrotz egiten zaizkigula herritar askori, horregatik, egoerari tokikotasunetik eustea bezelako alternatibarik ez dugulakoan nago, eta bertan, auzoaren agertokia berebizikoa iruditzen zait.
Handikerien ordez apaltasunez jokatuz eta denok komunean ditugun beharretan arreta jarriz, inguru honetako herritarron artean lor genezakeena izugarria iruditzen zait. Lan horretan, agintarien eta herritarren elkarlanak badu bere pisua, baina lehenbizi, norbera da bere agintea hartu behar duena.