Poliziak eta mugikorrak
Albisteen joan-etorriko ibilera horretan, orain ikasleek geletan mugikorrak erabiltzeari buruzkoak tokatzen dira. Badirudi norbait orain konturatu dela arazo bat izan daitezkeela mugikorrak, ez ikasleak, adin tarte bateko geletan.
Kuriosoa da, izan ere, oso gogoan daukat, ikastolan mugikorren inguruko lehen erabakiak hartu genituenean, bi zentimetro lodi ziren gailu haiek elkarrekin hitz egiteko baino ez zutela balio. Gogoratzen?
Eta kontua da ezetz, gurean behintzat, aspaldi erabaki genuela ezin dugula mugikorrik erabili klasean, lanerako ez bada. Eta bai, ikasleengan konfiantza edukitzea irakasle izateko lehen baldintzetako bat dela uste dudan arren, tonto-tontoa ere ez naiz, eta badakit ikasleek mugikorrari begiratzen diotela, noizbehinka.
Edo hori, edo oso belaun politak dituzte batzuek.
Eta bai, badakit arauak ezinbestekoak direla bizikidetza osasuntsu baterako eta, are gehiago, onartzen dut gure lanaren zati bat arauak betearaztea dela; bueno, hobeto esanda, bizikidetza osasuntsu bat bermatzea.
Baina gu ez gara poliziak, eta prest nago, gure ikasleekin eta familiekin, mugikorraren erabilerari buruz hitz egiteko, sare sozialen arriskuen inguruan aritzeko edo aplikazioen atzean dauden interesak identifikatzen laguntzeko, baina ez dut onartuko nire energia guztia gailu txiki horien bila gastatzea, gauza garrantzitsuagoak ditugu egiteko, 30 neraberen artean jartzen garenean.