Polloeko gurutze frankista
2024ko maiatza da, eta zitalkeriaren mausoleoan Polloeko gurutze frankista oraindik ere zutik dago, gure Cuelgamuros “Valle de los Caídos” berezi horretan.
Donostiako Udalak toki horren esanahia aldatzeko egindakoa aztertu beharrekoa da. Frankistek jarritako plaka kendu zuten, eta eskultura bat eta plaka berri bat jarri zituzten. Plaka berri horretan, frankistek mausoleo horretara eramandako gure miliziano batzuen izenak jarri zituzten, irekitze ekitaldia egin zuten, zenbait senideri omenaldia eskaini zitzaien eta kito. Tira, hala moduan, badirudi toki horren esanahia aldatu egin zela.
Txikia ez den auzi bat aipatu behar da. CNT sindikatuak kide batzuk bertan ehortzirik ditu, eta jakin ahal izan denez, hauexek dira: Narciso de Santos, Eusebio Serrano, Alvaro Isurtza eta Marcos Gallaralde. Beraien sindikatuko kideei egin nahi zutena zer iruditzen zitzaien inork ez zien galdetu. Jakina, CNT ez da oroimenaren aldeko erakunde hutsa, baina CNTk oroimen politikoaren borroka alorrean lanean dihardu.
Mausoleoa, bertan dagoen gurutzea eta toki horren esanahi politikoa suntsitu beharra dago.
CNTko kideek beraien borreroekin mausoleoa ez dutela partekatu behar aldarrikatzea zilegi dela uste dugu. Borreroak txukun-txukun ehortzirik daude, uniformea jantzirik eta intsigniak jarririk. Arazoa zein da, ba? Miliziano guztien hezurrek nahaste ikaragarria sortu dute. Denak nahasturik daude eta horrexegatik milizianoak ezingo lirateke mausoleo frankista horretatik berreskuratu. Miliziano bakoitzaren nortasuna zehaztea ezinezkoa da. Monumentu horren barneko aldeari esanahia ez zaio aldatu, hortaz. Hau da hau!
Gure ustez, arazo teknikoari konponbide politikoa eskaini behar zaio. Toki horren esanahia aldatzea ez da nahikoa. CNTko milizianoak mausoleo horretan egotea iraingarria da. Eta euren gorpuzkien gainean dagoen ikur erlijioso hori nagusitasunez jartzea ere iraingarria da. Egoera honek gure kideen oroimena iraintzen du.
Mausoleoa, bertan dagoen gurutzea eta toki horren esanahi politikoa suntsitu beharra dago.
Benetan berreskuratuko eremua oroimen duina da, besterik gabe.