"Por fuersa"
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Koitaduak 1798ko La Mota gazteluko presoak. Koldo Izagirrek jasotzen du Autopsiarako frogak liburuan bilurrez lotutakoek aldundiari zuzendutako gutuna. Nola basquensea soilik jakinik, gazteleraz aritzea behartzen zituzten, indarrez, por fuersa. Paysanoren bat basquensean aditu orduko salta la sentinel, esanaz hizkuntza hartan mintzatuz gero halsara la llave del fusil. Gipuzkoak ez omen zeukan epaiondoko kartzelarik, eta, hala ere, ziurrenean, presoek nahiago izango zuten Valladolid-era. Paysano kide bilakatu zen, eta preso euskaldunak ezagutu du Valladolid, ezagutu Caceres, Puerto de Santa Maria, Algeciras, Ocaña eta beste. Kurduak presondegian daude kurdueraren “erruz” eta, euskaldunak egon gara euskararen ondorioz; gaude egon. Koldok berak dio: euskara eta presondegia, saiakera mandoa egin liteke. Prefosta! Hizkuntzak hiztunon baldarkeriak islatzen ditu. Espetxea. Hitz bakoitza mundu baten atea da eta, Ocañakora sartzen den lagunak, Catalan, no gracias izkiriatua duen senyeradun mingain zentsuratuaren afixa ikusiko du giltzazainaren bulegoan. Ez gara sekula hizkuntzaren eta hizkuntza gatazken eremutik kanpo, ezta desmundu honetan ere. Orok behar du maitatua sentitu, baina kartzelan ezin nahi bezala ez nahi dena MAITATU. Espetxeak ezartzen duen komunikazio falta eta harremanen etena gainditu nahiak bultzatuko du presoa gutunetara. Bada, euskaraz idatzitakoek hogei egun-hilabeteko bidea egin beharko dute kartzelatik irteteko; beste horrenbeste sartzeko. Zortzi hilabeteko ibilia egin duenik ere bada. Eta galduak, tonaka. Ezin behar bezala IKASI. Urteak dira euskal presoari unibertsitate ikasketak euskaraz egitea ukatu zitzaiola eta, ARI ere nekez. 2002-2003 urteetan, Kordobako lagunek debekaturik zuten etxekoekin telefonoz euskaraz aritzea; berdin Huelvan 2007a arte. Fusilik ez, baina orain ere por fuersa. Askatasunarekin batera hizkuntz eskubideak galtzen ditu euskaldunak kartzelan. Espetxea euskarak bizi dituen egoeren metafora izan daiteke. Baina ez da metafora; kasu honetan ere ziegaren tamaina gutxienekoa da. Ukoa dute eragile kaiolaren giltzaren jabeek, por fuersa jazartzen dute euskara, eta gai bagara, ustezko lehendakari eta enparauen indarkeria instituzionala amaitzean, libreago izango dugu hizkuntza. Hemen askatasuna euskaldunok eta euskarak falta dugu. Logika totalitarioez gaindi, euskara ikasten, erabiltzen, maitatzen jarraituko dut. Apirilaren 17an, nik ere egingo dut kilometroa patio ongi neurtuan, euskararen geografiaren Gaza txiki honetan.