Portuko etxegabetzeen aurrean
Duela hamarkada askotatik funtzionatu izan du Pasaiako Portuak Donostiako portu industrial gisa. Oparotasun ekonomiko garaian, diru etekinaren iturri garrantzitsua izan da, portuaren inguruan lan egiten zuten langileen izerdia baliatuz. Egun, ordea, jada langile horietako askoren beharra ez dagoen momentuan, hauen aurkako utzikeria eta gupidagabetasuna nagusitzen ari dira. Hauxe da, hain zuzen, Trintxerpeko Escalerillas eremuko kasuak erakusten diguna.
Euskal Trenbide Sareak eta Pasaiako Portuak merkantziak portuan barrena garraiatzeko trenbide zati berri bat egitea adostu zuten, eta duela urtebete jarri zuten hori eraikitzeko prozesua martxan. Oztopo bakarra zuten: trenbide horrek Escalerillas deituriko etxebizitza blokea zeharkatzen zuen. Konponbidea? Escalerillaseko bloke osoa bota eta 60 urtez baino gehiagoz bertan lan eta bizi izan diren hamabi familia kalean uztea.
Pasaiako Portuarentzat langileak errentagarriak zirenean, hauentzat etxebizitzak eraiki zituen, etekina une oro probesteko asmoz. Orain, ordea, langile hauen izerdiari abantaila gehiago atera ezin dionean, trenbide zati batez bete nahi ditu etxebizitza horien guztien lursailak, mozkinei errentagarritasun gehiago ateratzeko asmoz, hamabi langile familia horien kaltetan.
«Portuko industriaren urrezko garaietan balizko lan indarra zena, orain errentagarria ez denez, euren gainetik pasatu nahi dute negozioa bilatzen duten horiek»
Pasaiako Portua modu isilean saiatu da familia huek etxegabetzen, inolako alternatiba duinik mahaigaineratu gabe, eta prozedura judizialak zein hainbat familien aurkako epaiketak abiaraziz.
Familia hauek ez dute inolako babesik jaso erakundeetatik, are gehiago, etxegabetzearen kontrako mozioaren aurka bozkatu zuten Pasaiako alderdi politiko guzti-guztiek, familia hauek kale gorrian uzteko atea parez pare irekiz eta Portuaren eta ETSren interes ekonomikoei men eginez.
Bizilagunek, ordea, duintasunez egoera honi aurre egiteko hautua egin dute, eta borrokarako prestutasuna erakusten ari dira hilabete hauetan guztietan. Ekainaren 30ean epaituko dituzte bizilagun hauek, euren bizi osoko etxeak defendatzeagatik eta Portuaren eta ETSren premia ekonomikoei men ez egiteagatik.
Portuko industriaren urrezko garaietan balizko lan indarra zena, orain errentagarria ez denez, euren gainetik pasatu nahi dute negozioa bilatzen duten horiek. Ez ditzagun familia hauek babesgabe utzi. Escalerillaseko bizilagunen alde, epaitegietan ikusiko dugu elkar, etxegabetze guztiak baitira bidegabeak.