Posizioan endrokaturik
Putinen izena Vladimir da, eta telebista piztuz gero, bat ala beste ez dugu besterik entzungo. Bizitza hankaz gora jarri zuen xomorrotxoaren izen-abizenak ere ahaztu zaizkigu jada. Intzidentzia metatua neurtzeko unitatea nuklearren mehatxu kopurua minutuko da orain, eta kutsatzeko ahalmena kalean izaten diren eztabaidetako aldeko eta kontrako pertsona kopuruetan neurtzen da.
Zeinen erraz posizionatzen garen. Eta ez soilik Ukraina eta Errusiaren auzian, azken bi urteak eman baititugu musukoaren alde ala kontra, txertoa bai edo txertoa ez, eta abar luze batean murgilduta.
Kontuz, ez baitut esan nahi posizionatu behar ez dugunik, izan ere uste baitut hainbat auzitan gure burua kokatu behar dugula. Baina, ez al gara errazegi kokatzen toki batean ala bestean? Ez al dugu informazio minimorik gabe epaitzen? Posizioa eta kondena gauza unitarioa balitz bezala ikusten dugula esango nuke.
Gizarte heteropatriarkalaren esentzietako bat bada ziurtasunez gure posizioa defendatzearena, eta kiratsa dario. Esentziari eta gizarteari, bide batez. Sutsuki defendatuko dugu Ukraina ala Errusia, txertoa ala askatasuna, baina ez al dugu duda egiteko eskubiderik? Ahulak ote gara orain hau pentsatu eta gero bestea onartzeagatik? Ez al dira ederrak kontraesanak? Hala uste dut nik.
Dena den, badaude ziurtasunez defendatzen ditugun posizioak. Informazioa dugu, eta ezagutzen ditugu poloak, positiboa zein bestea, eta momentu horretan gai gara gure kokalekua suntsitu nahi duenari aurre egiteko. Tamalez, sarri, gure ideologia sendoari aurre egiten dionak informazio eza edo oso mugatua izan ohi du, eta segituan ematen du epaia. Matematika gorroto dutenekin gertatu ohi da maiz. Kontuan izan, nahiz eta matematika bizitzako arlo guztietan agertzen den, gizarte honek mespretxatua daukala. Segundoro iraintzen dira zenbakiak, orduro jipoitzen da algebra, egunero bortxatzen da estatistika, eta urtean hainbatetan saiatzen dira matematika akabatzen. Eta zeinen zaila eta astuna egiten den jende horri guztiari azaltzea zeinen ederra den zenbakien artea, zenbat onura ekartzen dizkigun.
Ba, nik sentitzen dut, baina honetan ez dut dudarik, eta nire posizioan endrokaturik jarraituko dut horrenbeste maite dudan matematikaren alde. Musukoarekin ala musukorik gabe.