Postaletan gatibu
Italiara bidean nagoela idazteko gogoa jarri zait, eta bidaia kontakizun zein bitakora kodernoek sortzen duten nostalgia soinean dudala ekin diot idazketari. Donostiako autobus geltokian hartu dut aireportura eraman nauen autobusa. Adin guztietako jendea geunden bertan: turismoa egitera etorri diren batzuk nor bere herrira itzultzen, emozioz beteriko bidaia hasi duten jubilatuak, Benidormera parrandara doazen alargun bermeotar jatorrak, laneko bidaia batean gaudenak…
Hegazkinean nire eserlekua hartu eta pixkanaka toki guztiak bete direla ikusi dut. Harrituta geratu naiz, kuriosoa da asteazkena eta lan eguna izanda. Baliteke parrandan doazen alargunez betea egotea hegazkina. Baina ez, ez goaz Benidormera. Milanerako hegaldia da hau. Izan daiteke denok opor egunak hartu eta turista jaka eta betaurrekoak jantzi izana. Zer izango du Milanek? Lehendik ez nuen gogo berezi batek bete nau, hiriko bizimodua ezagutu eta bertan murgiltzea zoragarria izan daiteke.
Oinezkoentzako birgaitutako kale asko, berdeguneak eta lasai egoteko lekuak. Bizitzeko leku atsegin bezain lasaia. Denbora librean zehar Duomoa bisitatzea erabaki dut. Nola ez naiz Milaneko txoko ezagunenera joango jada bertan egonda?
Bidean nagoela kaleak bizitzaz beterik ikusi ditut. Iristean, ordea, arrotza egin zait egoera. Plaza osoa jendez gainezka, usoak, jendeak lurrera botatako artoa, luxuzko dendak eraikin guztietan… Finean, denok gaude bertan arrazoi beragatik: argazki batzuk egin eta hurrengo leku turistikora alde egin.
Hiria kontsumitzen ari gara, saldu egin digute. Internetek gomendatu dizkigun tokietan noizbait hiritarrak ere ikus zitezkeen. Orain, berriz, turistak besterik ez gaude bertan. Nork erabaki du arkitektonikoki politak diren hiriko txokoak espektakulu bihurtzea? Zergatik kanporatu dituzte egunerokoa bertan egiten dutenak?
Donostia ere postal hiria da, ez-leku bilakatu nahi dute. Hoteletako gaualdiak iazko martxotik %30 hazi direla diote datuek. Googleren gomendioek gidatzen dituzte bisitariak argazkiak egin eta hurrengo leku turistikora joateko. Argazki albumak gainezka dituzte; zorionez, turistak ekologistak dira eta ez dituzte selfie guztiak rebelatu behar.
Gaur gaurkoz, egoera aldatu ezean, hau ez da maite dudan hiria