'Postiruzkinak'
Xabier Vazquez, Realzalea
Ez egin kasurik Etxanizi aurre-kronikei buruz ari denean. Beno, ez egin kasu handiegirik oro har. Baina gai honetan are gutxiago. Aurre-kronika idaztea, hots, partida aurretik kronika pentsatua edota idatzia izatea, ez da behin edo behin ematen den tentazioa; baizik eta askok duten/dugun ustea, emaitzak aurreikusi ahal izatea. Horri esker bizi dira apustu etxeak. Zorionez ez nuen apustu-makinarik gertu izan aste osoan zehar, bestela ziur ikaragarrizko dirutza jarriko nuela Kanouteren golaren alde. Badira jokalariak ziur dakizunak gola sartuko dizutela, eta hau horietakoa da. Reala espezialista da «gol bat ligan» jokalarien golak jasotzen edo «vuelve a meter a su victima favorita, la Real» modukoenak. Bada honek doktoratu cum laude bat du Realarekin. Antza, egun jota dago eta ez dago partida osoa jokatzeko, baina atera zen tarte laburrean nahikoa arazotxo eman zigun. Ikas dezala Aranbururengandik, ttirriki-ttarraka hor aritu zen, lehen zatian apalago baina bigarrenean gertu eta parte hartzaileago. Baina aurre-kronikak tentazioa badira, post-iruzkinak are gehiago. Ez, post-iruzkina ez da post-it batean «esnia erosi» jartzen duen ohartxoa. Emaitzaren ondoren iruzkina egitea da post-iruzkina. Eta teorian oso logikoa da. Arazoa da askotan emaitzak berak baldintzatzen duela analisia. Eta Realak 2-0 irabaztean joko ona egiten duen talde bat da, 0-4 galtzean atorrante koadrila bat da. Astelehenean Realak ondo jokatu zuen, halere uste dut ez dudala nire bizitza osoan ikusi Lehen Mailako talde bat Sevillak adina pase erraz galtzen. Orohar, taldea jaitsieratik oso gertu egon arren, nik uste lan txukuna egin duela entrenatzaileak (Mallorcakoa bezalako gauzetan ezin erru handirik bota), baina nik uste merezitako puntuak galdu ditugula merezi gabekoak lortu baino gehiago. Eta bitartean Iñigo Martinez eta Illarramendi titular jartzeko ausardia izan du, Liga hasieratik. Llorente aulkiratzearena, edota Prieto sasoiko ikusi ez duenean atseden ematearena. Bere aldaketak ez ditut oso atsegin, baina emaitzak gora behera taldea ondo ari da futbolean. Jartzen denean noski.