Promesen gaindosia
Lau hostoko hirusta bila aritzen dira batzuk desira bat eskatu nahian. Gutako bakoitzak nahi, behar eta sinesmen ezberdinak izango ditugu, baina denok behar dugu ongi zainduak izan, eta zerbaiten ilusioarekin jaiki egunero. Mundua aldatu nahi dugu gutako batzuek, eta beste batzuk eroso gaude oraingoarekin. Batzuk ilargiari begira ariko gara baratzeko lan bat ala beste egiteko, beste batzuek gure gorputzen eta ilargiaren zikloa nolabait lotuta dagoelako miretsiko dugu ilargia. Batzuek erreparatu ere ez dugu egingo ilargia zein fasetan dagoen.
Askotarikoak gara eta elkarrekin bizi gara. Gure auzoetako kale, parke, tabernetako terraza eta igogailu zein autobuseko bidaiak partekatzen ditugu. Gutako batzuek desiratzen dugun horretan pentsatzen dugu, baita pentsatzetik harago jardun ere. Pertsona asko bizi gara gure hirian, norbanako asko, eta eskerrak nor bere zilborrari begira egotetik urrun, komunitate bizitza nahi dugunok ere bagauden.
Azken hauteskundeek erakutsi digute hirian aldaketa nabarmena gertatzen ari dela. Horren jakitun gara bizilagunekin, lagun artean edo familian partekatzen ditugun bizipen eta sentsazioengatik. Baina, hauteskundeek berretsi egin dute azkenaldian handituz joan den olatua geldiezina dela. Gero eta gehiago gara hiriaren norabidetze honekin gustora ez, eta aldaketa sakonak nahi ditugunok. Gure bizi proiektuak Donostian irudikatu eta egikaritu nahi ditugunok. Jaio garen auzoan bizi nahi dugunok. Gure auzoan zahartu nahi dugunok.
Donostiar guztion desirak asetzea lan nekeza da, ezinezkoa ez bada. Batzuk saiatuko dira, baina beste asko bidearen lehen bidegurutzean geratuko dira nora joan jakin gabe. Badago promesak egiten aditua denik. Marketinean espezialista dela esan liteke, badaki zer entzun nahi duen jendeak. Saltzaile ona, baina… Lagun artean askotan erabiltzen dugun esaldia datorkit burura: ona ona, baina gizona.
Politikaren espektakularizazioa hain da handia, non orain arte eskutik emanda egondakoak elkarri mokoka, muturtuta eta arerio gisara aritu diren azken hilabetean. Parafernalia eta dramatismo pixka bat aste batzuen buruan berriro lagun egiteko. Hauteskundeak pasa berri dira, promesa gaindosi aldi bat pasa berri dugu. Entzun ditugun gauza batzuek bat egin dute gure barruarekin eta beste batzuek ez.
Entzun ditugun beste batzuek erdibitu egin gaituzte eta baztertu ere egin gaituzte.
Periferiatik erdigunea idealizatzea arriskutsua izan daiteke. Bazterretatik aritzeak ematen digu erdigunea geureganatu eta gure neurrikoa egiteko aukera. Gogoa, ilusioa eta konpromisoa. Donostian aldaketa nabarmena gertatu da.
Pasatu dira hauteskundeak. Eta etorriko dira beste batzuk. Ez dezagun iparra galdu. Maite dugun Donostia zain daukagu.