Puntualkeria
Behobia-Donostiaren ingurukoa izan behar zuen gaurkoak, baina aurreko astean ez nintzen garaiz iritsi eta errotatiba itxi zuten nire muturren aurrean. Hari horri tiraka, eta nigan suposatu zuen lotsak gain hartuta, puntualtasunaz idatziko nuela agindu nion neure buruari, baina garaiz oraingoan.
Euskarak badu ezaugarri polita nolakotasunaren inguruan. Hala, positiboa bada, -tasun atzizkia erabiltzen dugu; eta -keria negatiboa denean. Horrela ulertzen ditugu harrotasun edo harrokeria hitzak, edota handikeria eta handitasuna bezalakoak. Baina izen guztiek ez dituzte bi aldaerak onartzen. Maitasuna, isiltasuna, maltzurkeria, itsuskeria… asko dira forma bakarra dutenak, eta hortxe dator azkena: puntualtasuna.
Garaiz iristen ez denari «inpuntual» esaten diogu, erdarakadaz, eta garaiz ez iristeari «inpuntualtasun». Baina ez al litzateke ederrago puntualkeria deitzea? Ala akaso hitz hori nahita garaiz iritsi eta berandu datozenei errieta egiten dienentzat gorde behar genuke? Ez dakit, kontua da azkenaldian gero eta gehiago kostatzen zaidala jendearen zain egotea, eta dezenteko hausnarketa egin dut, Zain nagoen bitartean zer egin nezake bestela?
Kontua da, uste dudala puntuala ez denak berekoitasunez jokatzen duela. Badakit ez dela hautu kontzientea, alegia, berandu datorrenak ez duela erabakitzen bestea zain edukitzea. Ez du aurrez pentsatzen. Noski ezetz. Baina modu batera edo bestera, ohituragatik akaso, bere barruak badaki ez duela itxaron nahi. Erosoagoa dela pixkatxo bat beranduago heltzea. Inpuntualak ez du itxarotea atsegin, eta defentsa gisa, hobe beharrez, berandu iristea aukeratzen du. Berandu datorrenak ez du maite zain dagoenak horren inguruko kritikarik egitea, saihesten du egoera, baina ez da lotsatzen. Jarrera normala da berarentzat. «Pixka bat itxarotea ez da horrenbesterako» esango du, baina gutxitan egokitzen zaio egoera hori. Lanarekin, ordea, beste zelai-joko batean sartzen da, eta ez du ulertzen berandu datorrena, zeren eta lana gauza handia baita. Horrekin ez dago bromarik.
Berandu datorrenak lana galdu dezakeen moduan, adiskidea zain daukanak laguntasunaren atal txiki bat galduko balu, epeka ordaintzen diren maileguen moduan, baina desamortizatzen, denok ginateke puntualago. Baina lasai egon, segi berandu iristen, horrelakorik ez baita pasako…