'Santa Maria' ontzia eta gure Rushmore mendia
Hilabete honetan Santa Maria ontziaren erreplika Donostian agertu izana ezin da gertakari kultural edo turistiko huts gisa ulertu. Sinbolismo historiko eta politikoz beteriko gertakaria da, memoria kolektiboaren, identitatearen eta iragan kolonialarekiko harremanaren inguruko sentsibilitate sakonak uztartzen dituena. Halako objektuak —jatorrizkoak nahiz erreplikak— ez dira inoiz neutroak: kontakizunak gorpuzten dituzte, iraganeko bertsioak legitimatzen dituzte eta egungo balio politikoen katalizatzaile gisa balio dute.
Hain zuzen ere, Santa Maria ontziak —1492ko lehen bidaia hartan Kristobal Kolonek gidatutakoak— Europako hedapenaren hasiera sinbolizatzen du, herri indigenen konkista, menderatzea eta sarraskia eragin zuen prozesuaren abiapuntu. Eta berekin batera, penintsularen oparotasun komertziala ekarri zuen, zeinetan gipuzkoar askok zuzenean edo zeharka aktiboki jaso zuten. Horregatik, ontziaren presentziak eztabaida sortzen du, eta Kolon eztabaida eremu sinboliko bihurtu da, eta bera, pertsonaia polemiko. Are gehiago, ez dezagun ahaztu, hura polemikoa izan zela orduan ere, batez ere, koloniak kudeatzeko moduagatik, eta bertako herrien kontrako gehiegikeriengatik salatua izan zen. Alegia, bizirik eta hil ondoren, Amerikako konkista pertsonifikatzen duen pertsonaia izan zen.
«Gure Rushmore mendiaren bertsio propioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren fatxada hornitzen duena, iragan atlantikoaren memoria bisualaren adibide paradigmatikoena da»
Hori horrela bada ere, nire ustez, gehiegi ardazten dugu konkista gizon bakar batean, gertakari bakar batean eta egun bakarreko hausnarketan. Ez dakit zer dela eta, baina, askotan, konkista eta haren inplikazioak kanpoko kontutzat hartzen ditugu, Gaztelako mobida bat direlakoan. Gipuzkoak garapen ekonomiko eta sozial nabarmena bizi izan zuen merkataritza kolonialari esker, eta gipuzkoar askok —sinets iezadazue esaten dudanean askok dela ASKOK— aktiboki parte hartu zuten «Indietako enpresa» deritzonean. Ez soilik marinel edo pilotu gisa, baita merkatari, artisau, armadore, misiolari, elizgizon, konkistatzaile eta material estrategikoen hornitzaile modura ere.
Eta orduko menderatze eta konkista garai horiek denak egungo errealitate kultural —euskaldun— eta materialean —aberastasunean— ere eragina izan dute. Merkataritza kolonialari esker Gipuzkoak bizi izan zuen goraldi ekonomiko eta sozialak, ondorio materialak ez ezik, ondare artistiko eta instituzionalean sumatzen diren inplikazio kultural eta sinboliko sakonak ere izan zituen. Gure Rushmore mendiaren bertsio propioa horren adierazle da, alegia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren fatxada hornitzen duena, iragan atlantikoaren memoria bisual honen adibide paradigmatikoena. Gipuzkoaren eta «aurkikuntzaren» aldebiko harremanaren adierazle esanguratsuena eta noski, gertakari batzuk besteen mobidak soilik ez direla erakusten eta gogorarazten diguna, ahaztu nahi baditugu ere.


