Sagastiaren ospela
Aitona Gonzalok esaten zuenez, intxaurrondoaren itzala arima hozten zuelako omen zen hain txarra». Hala abiatu zuen Ion Arretxek Intxaurrondoko kuartelean jazotako kontakizun lazgarria (Intxaurrondo: Intxaurraren hostopeko itzala, Ion Arretxe, 2021). Kuarteletik hamar bat minutura oinez, beheraxeago, bada beste itzalgune bat auzoan: sagastiena.
Inoiz Sagastiederretik igaroz gero, ezagutuko duzu ohikoa ez den paisaia. Bereziki, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. Txarako egoilarien bisita tartea da. Deskafeinatuan bitan zatitu den gaileta, gilda batek lagundutako kriantza, begiradaren bat terrazako punturen batean iltzaturik. Gurpildun aulkiei tokia egiteko erditik kentzen diren aulkiak, sonotoneak, pixoihalak. Zaharra eta zahartzaroa, zahartzaroa eta zaintza, daude sagastiak itzala egiten dion plazan.
Plazaren muturrean: Txarako eraikinak, zahar-etxeak. Donostian 28 zenbatu ditut, gehienak sakabanatuta eta irisgarritasun zailekoak. Bai hainbat periferian edo aldapan daudelako, bai itxaron-zerrenda eta prezio neurrigabeak direla eta. Jaularitzaren ardurapean, enpresa pribatuek kudeatzen dituzte.
Eraikinen paretak ere egiten du itzalik. Kostua, erabakiak duen min eta karga emozionala, eta hainbat burokrazia itzurtzea lortu duenak, tutorizazio prozesu bat pasako du lehenik. Egokituko zaio zaintza-plan bat, baliteke bertan erroldatzea, mediku berria izango du, auzotik urrundu, eta senideen, ingurukoen edo bere buruaren gain zegoen zaintza profesional batzuen eskuetara pasako da. Orduek pisua hartuko dute. Arropak izendatuta izango ditu. Txandak eta ordutegiak otorduetarako, dutxarako, lotarako eta sagastien azpira irteteko. Eta ahapeka bota ohi diren «karga bat naiz» hausnarrak.
Itzalak ere estaltzen du zaintza lana. Erizain, mediku, fisioterapeuta (nahiz eta, Txarak ez duen beti hau bermatu), psikologo, animatzaile, garbitzaile eta abar luze bat. Eta, noski, erizain laguntzaileen taldea, lehen lerroan. Feminizatua, prekarizatua. Aldez edo moldez, gogor egingo dute lan, denetara iritsi ezin duenaren hertsuraz. Baliabide urriekin, ordutegi ezinezkoekin, eta aspaldi abiaturiko negoziaketak noiz serio hartuko diren zain.
Aspalditik datozen lerroburuek atera dute argitara apur bat itzalpekoa. 2021ean, ikuskapen txosten batek Txara I egoitzan egoilariak 14 orduz jan gabe izaten zitutzela argitara eman zuen. Zahar-etxeetako langileek 252. greba-eguna zuten. Salatu zutenez, Txara ez da kasu isolatu bat, sistema oso baten gabezia egiturazkoen erakusle baizik. Egun, borrokak urgentziazkoa segitzen du: hor M-8ko zaintza kolektibizatzeko aldarria, edo Zaintza Demokratizatu egitasmoa.
Zahartzaroa kondenatu dugu isiltasunaren tiraniara (Zahartzaroa, Simone de Beauvoir, 1970). Sistemak normal funtziona dezan, egongo ez balitz bezala egin behar dugu. Itzala aproposa da horretarako. Udaberrian loreak oparo direla, errazago ezkutatzen dira fruitu ustelak. Akaso, horregatik da maiatza kanpaina garaia. Zaintza-sistemak porrot egin zuen aspaldi. Ez dakit zein udazken itxaron behar dugun, hostoak erori eta sistema biluzteko.