Saldarako osagaiak prest
“Su motelean luze irakin dugun iraultza gara, salda gara”, dio asteburu honetan Salda Badago lelopean Durangon burutzera goazen Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetarako deialdiak. 1977an egin zituen Euskal Herriko Mugimendu Feministak lehen jardunaldiak eta denbora tarte honetan herri, auzo eta txoko guztietatik barreiatuz eta astinduz, elikatzen joan gara.
Donostian ere ez dira gutxi azken hamarkadan gertatutako aldaketak eta mugimenduak emandako aurrerapausoak. Zaila den arren, hiria salgai jartzen ari diren urte hauetan badago sarraski horren aurka borrokan dabilen sarea, bizitzak erdigunean aldarri hartuta etsi egiten ez duena. Lanaren banaketa eta goi–mailako postuetan egoteko eskubidea aldarrikatzen zuten horietatik, abortatzeko eskubidearekin jaio eta generoen eraikuntzak apurtzen ari garen belaunaldira arte ehuntzen gara gaur egun mugimendu feministan, sare handi bati eusten dion muina bezala. Koordinaziorako plaza asanblada dugun arren, badira marko nazionaleko kolektibo zein auzoetan hazten ari diren tokian tokiko errealitatea lantzeko taldeak ere, eta horien arteko elkar ezagutza eta saretzerako lan egiteko, zein gozamenerako tarteak elkarbanatzen ditugu.
Hala ere, badira feminista ugari kezkatuta gaituzten kontuak. Azken bi urteetako martxoaren 8ko greba feministen mobilizazio arrakastak barne-mailako eztabaida zentral bati begira jarri gaitu: masaren eta barne-giharraren arteko desoreka. Herri mugimenduetan eta borroka sozialetan parte hartzeko eredua aldatzen ari da, eta horren aurrean nola antolatu eta eragin nahi dugun pentsatzeko unea dugu. Gainera, kapitalismoak bere armak ondo erabili eta feminismoa «modara» eramaten asmatu du –esplotazioan ekoiztutako arropetako mezuen bidez; eskumako politikariek «feminista liberaltzat» dute haien burua–. Nola izan daiteke feminismoa liberala? Udalak jaietan ematen diren erasoak gaitzesten ditu, eta horiek salatzeko manifestazioan egunero lanean ari diren kide feministak identifikatzen ditu «berdintasunaren aldeko» kanpainak egiten dituen bitartean… Eta abar luze bat. Asko dira aurrean ditugun problematikak, anitzak garen heinean asko baitira gorpuzten ditugun zapalkuntzak, eta guzti horien aurka egitera goaz.
2008an egin ziren azken jardunaldi feministak, eta orain geldiune bat egin eta hausnartzeko beharra heldu zaigu, zein ildo eta zein borroka jarraitu nahi ditugun birpentsatzeko unea. Kaleak lehertu ditugu eta elkarrekin esertzeko ordua da, katiluz katilu hurrengo urratsak adostera goaz.