'Salgai' versus 'For sale'
Duela 10-15 urte hainbat kartel ikusten ziren Donostiako balkoietan Salgai leloarekin, salgai zeuden etxebizitzak iragarriz. Euskararen ez ohiko presentzia hori —izan ere, erdaldun askok Salgai hitza higiezin agentzia baten izena zela pentsatzen zuten, ezjakintasun supinoaren poderioz—, ez zen agentzien bat-bateko euskara zaletasunagatik, “merkatuak” horrela eskatzen zuelako baizik. Gure egoera diglosikoak halako zirrikitu bat erakutsiko balu bezala, alegia Donostiako etxebizitzen erosle potentzialak euskaldunak izan zitezkeelakoan eta, beraz, euskara lehen mailako hizkuntza bilakatuz eguneroko bizitzan
Azken urteotan egoera aldatu egin da Donostian, eta euskara desagertu da higiezinen merkatutik, lehen mailako hizkuntza dominatzaileari, gaztelaniari, bueltan etorri zaiolarik salgai dauden etxebizitzen propaganda guztia. Efektu gainjarriak ote? Donostian etxebizitza bat erosteko gai diren euskaldunen kopurua agortzen joan da eta, halaber, euskararen presentziak bigarren mailakoa izaten jarraitzen du beti bezala.
Gaur egun For sale leloa ikus daiteke Donostiako Erdialdean salgai dauden zenbait etxebizitzen balkoietan. Beraz; hirugarren hizkuntza bat, boteretsuena, sartu zaigu lehian. Ez da kasualitatea, noski. Hizkuntzak eta egitura ekonomikoak (etxebizitzen merkatua kasu honetan) boterearen eskutik doaz lotuta; batek ez du marxista izan beharrik hori ikusteko.
Nork erosiko ditu For sale gisa iragarrita dauden Donostiako etxebizitzak? Zertarako erosiko ditu? Non demontre sartuko gara bertakook?
Tamalez, galdera horien erantzunak ezagunak dira; mahai gainean daude. Eta badaude soluzioak, sikiera partzialak, asmoa. imajinazioa eta ausardia baldin badago. Aldiz, Laissez faire, laissez passer delakoaren politikarekin jai dugu donostiarrok.