Salvador d'Horta, santu eta soziolinguista «avant la lettre»
Horta de Sant Joan Tarragonako herri bat da, Terra Alta eskualdean dagoena, Aragoiko mugatik gertu. Herritik bi kilometrora, mendi baten magalean, badira komentu frantziskotar baten hondarrak. Ez da zaila imajinatzea garai batean komentu hura, paraje basa samar batean eta bide nagusietatik urruti, Arantzazu moduko bat izan zela.
Komentuaren jatorrizko izena Santa Maria dels Angels omen da, baina denek San Salvador deitzen dute, bertan bizi izan zelako XVI. mendean Salvador Pladevall i Bien fraidea, hamaika mirari obratzearen ondorioz Elizak santu izendatu zuena.
Salvador hark, mirariak egiteaz gain —santu guztiek egiten dituzten bezala, moduan—, bazuen bere-berezko ezaugarri bat. Beti katalanez egiten zuen, eta soil-soilik katalanez. Izan ere, erregeak berak, Felipe II.ak, ezagutu nahi izan zuen, eta hari ere katalanez egin zion fraideak. Honek lotura estua du Horta de Sant Joanen zela egin zuen miraririk ezagunenetako batekin…
Bikote bizkaitar bat, senar-emaztea, komenturaino joan eta Salvadorri alaba sendatzeko eskatu diote. Mutua da neskatoa, eta, jainkoarren, mintzamena emateko. Salvadorrek esan die kuidadorik gabe joan daitezkeela, Ama Birjinari bederatziurren bat egiteko eta, horrela, alabak hitz egingo duela. Halaxe egin dute senar-emazte bizkaitarrek, fedeak gidatuta. Bederatzi egunen buruan… miraria! Neskatoak hitz egiten du! Batere arazorik gabe, gainera! Eta, hala ere…
Hala ere, bizkaitarrak ez daude pozik. Mirari bat eta pozik ez? Kontentagaitzak dira, gero! Zer dute, ba? Ba, zera… Alabak hitz egin, hitz egiten du; katalanez, ordea! Haiek, berriz, euskaldunak dira…
Dendara sakelako telefono, telebista edo beste edozein produktu akastun bueltatzera doanaren aldarte berberarekin, bizkaitarrak joan dira berriro komentura eta Salvadorri arazoaren berri eman diote. Oraingoan ere fraideak azkar asko lasaitu ditu: “Ez kezkatu —esan die—, segi zuen herrira eta, muga pasatu bezain pronto, alabak euskaraz egingo du”.
Halaxe egin zuten eta, kronikek diotenez, askok lagundu zieten bidean, mirariaren testigu izan nahi zutelako. Ez ziren zapuztuta geratu, muga pasatu bezain pronto, neskatoa natural-natural euskaraz hasi baitzen!
Salvadorrek ez zekien euskaraz eta euskarari buruz ere ezer gutxi jakingo zuen, baina, soziolinguista ez izan arren, bazuen nonbait hizkuntza lurraldetasunaren garrantziaren berri. Gaur egungo epaile espainolek bezalaxe, alegia.
Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat.