San Bartolome, gutaz erruki zaitez
Dagoeneko esku artean ditugu Donostiako Udalak San Bartolome muinoaren lur azpian merkataritza gune bat eta aparkaleku bat egiteko lizentziak. Obra ikaragarria izango dela baieztatu dezakegu.
Urbanizazio proiektuaren 3. orrian, egin beharreko lanak konplexuak izango direla ohartarazi dute. Hamabi fase izango ditu eta 36 hilabeteko iraupena. Kezkagarria iruditzen zaigu proiektuan azterketa geoteknikorik ez agertzea. Are gehiago, Hirigintza Sailaren ebazpenean horrelakorik ez exijitzea. Beraz, txosten geoteknikorik gabe hasiko dira harresiaren desmuntatze eta indusketa erraldoia egiten. Muinoaren inguruko biztanleok gupidarik gabe sufritu beharko ditugu obraren albo kalteak, San Bartolome santua gutaz errukitzen ez bada, behintzat.
Donostian ezarri berri diguten kolonizazio kapitalistaren No pain, no gain esaldia entzun beharko dugu. Halere, zein da sufrikarioaren ondoren jasoko dugun saria? Orain dugun Easo aparkalekuaren datuak aintzat hartuta, eraiki nahi duten aparkaleku berriak 130.000 autoren mugimendua sortuko du. Bestalde, orain mendi magala dena eta parke zoragarri bat izan zitekeena, azalera artifizial kutsatu bihurtuko da. Izan ere, merkataritza guneak bere aireztapen sistema izango du.
«Egin beharreko lanak konplexuak izango direla ohartarazi dute. Hamabi fase izango ditu eta 36 hilabeteko iraupena»
Gainera, zergatik eta zertarako supermerkatu bat? Horren behar sozialik ez da justifikatu. Dendartean eta Ba Gera dendarien elkarteak, besteak beste, saltoki handi eta berriaren kontra daude, denda txikien kalterako izango delako.
Udalak proiektu hau bultzatzeko duen arrazoia ekonomikoa izan daiteke. Alegia, San Bartolomeko muino osoaren operazioan «zulorik» ez geratzeko ezinbestekoa omen da merkataritza gunea eraikitzea. Ordea, Odon Elorza alkate ohiak guztiz zalantzan jartzen du hori, esanez proiektua bertan behera uzteak ez lukeela inolako «kataklismorik» suposatuko. Elorzak bere zenbakiak plazaratu ditu, eta udalak ere bereak, Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusen bidez. Guztiz kontrajarriak dira. Nori sinetsi behar diogu?
Bistan denez, kasu honetan, azterketa juridiko eta ekonomiko independente bat beharrezkoa litzateke.