San Bartolomeko muinoarentzat nahi duguna
Gaur arte ez da gardentasunik izan, ezta eztabaida argigarririk ere, udalak, legez kanpoko planeamendu batean oinarrituta, San Bartolomen eraikitzea erabaki duen alferrikako merkataritza-gunearen justifikazioaz. Hiria beste interesik ez dugun donostiarrak izanik, obra-lizentzia baliogabetzeko eskatzen dugu.
Garberaren handitze itzelak, Bretxako Lidl-en hazkundeak, San Martin merkatuak, Urbieta eta Arroka plazako gertuko supermerkatuek, frankizia askoren ezarpenak eta auzoetako hipermerkatu berriek behargabeko, eta saltoki txikientzat kaltegarri bihurtzen dute duela hamabi urte pentsatutako merkataritza gune hori.
2008an hasi zen San Bartolomeko hirigintza berroneratze jarduketaren ondorioz, eremu horretarako hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aldaketak onartu zituen udalbatzak, 2015ean. Eragiketetako batek berdegune gisa kalifikatutako muinoaren hegala desnaturalizatzea dakar: hamar solairuko (lurpeko bost) eta 9.000 m2-ko merkataritza gunea eraikitzea. Beste supermerkatu handi bat, frankiziak, terrazadun jatetxea eta abar hartuko ditu. Eta mugikortasun iraunkorrarekiko koherentzia gabezia nabarmenez trafikoak areagotzen dituen lau solairuko txandakako aparkaleku bat izango du (14.000 m2) emisio txikiko eremu betean.
Hirigintza eta ekonomia alderdiak estututa planifikatu zen eremu osoa. Eragiketa komertzial hau espekulatiboa da eta ez dagokio interes orokorrari; auzo elkarteak eta merkatari taldeak horren aurka daude. Herritarren plataforma honek ez du onartzen lau enpresa eraikitzaileren eta udalaren artean onura ekonomikoak (12 milioi) banatzearren, berdegune bat kentzea eta auzoa gehiago hondatzea.
Operazio honek, harkaitzean 47 metroko indusketa egin beharra dauka, eta pantaila horma handi bat eraiki behar da mendia eusteko. Metroaren obrek jada erasandako Easo, San Bartolome, Urdaneta eta Lizarra kaleei zuzenean eragingo die hiru urte iraungo duen obra konplexu honek. Autobus erreia eta bidegorria ere kenduko dira, eta Aldapetako aldaparen malda areagotu egingo da.
Donostiako kultura ondarearen zati gisa, San Bartolome mendi hegala kontserbatu behar da, hiri paisaia berezi baten zati delako eta Donostiaren historian mugarri bat delako. XI. mendean Nafarroari lotutako lehen monasterioa kokatu zen lekuan harresiz inguratutako hiritik kanpoko muinoarekiko sentiberatasuna ezinbestekoa da.
Herritarrok jakin behar dugu oraindik ekidin eta onar daitekeela inpakturik gabeko mendi-magal berde hori errespetatuko duen alternatiba bat, 1876an eliza eta komentu berri bat eraiki zenean horrela mantendu zena. Alternatiba izango da mendi magala lehengoratuko duen ingurumen eta paisaia-proiektu bat enkargatzea, hiriaren erdigunean zuhaitz hostotsuak dituen parke lorategi irisgarri bat eskaintzeko.
Helburua da komentuaren arrastoak, eliza, Easo kaleko horma eta magala ikuspegi orokor batean integratzea. Era honetan kultura ondasuna babesteko epaiek eta udal arauek (HOEBPB) diotena betez.
Gure ustez, legez kanpokoa da inbertsio funts bati emandako obra lizentzia, 2015eko HAPOren aldaketa honek ez dituelako betetzen Eusko Jaurlaritzaren 123/2012 Dekretuko eremu bakoitzean parke, lorategi, plaza eta oinezkoentzako gune libre konputagarrien gutxieneko hornidurei buruzkoak. Lurzoruaren Euskal Legearen 105. artikulua ere urratzen du. Hori dela eta, San Bartolomeko plataforma herritarraren webguneak errekurtso judiziala aurkeztu nahi du lizentzia baliogabetzeko. Errekurtso honekiko atxikimendua helbide honetara bidali daiteke.
Hiri iraunkorra izateak interes orokorra defendatzera, eta paisaia, lurzoru publikoa, kultura-ondarea eta hiriaren nortasuna sentsibilitatez kudeatzea eskatzen du. Donostiarrok nahi dugun hiri ereduaren erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa dugu estrategia zibiko bat aurrera eramatea.
San Bartolomeko plataforma herritarraren izenean: Blanca Zaragueta, Elena Martinez de Murguía, Juan Carlos Benavides, Antxon Santamaría eta Andoni Huegun.