Sanjoanetako erroak
San Joan nortasun adierazpen bat da, tradizioarekin lotura bat, herri honen izaera komunitarioaren isla.
Urtero, ekainaren 23an, gure kaleak eta plazak suaz, musikaz eta magiaz betetzen dira udaren iritsiera ospatzeko. Zaharra atzean utzi eta berria energia berrituarekin jasotzeko nahiaz.
Garai paganoetatik mantentzen diren erritu hauek, folklorea eta espiritualtasuna gure kulturan nola elkartzen diren erakusten dute. Izan ere, San Joan bezperak bere sustraiak mantentzen baditu ere, eboluzionatuz doa. Antzinakoaren eta modernitatearen arteko oreka hori gure kulturaren idiosinkrasiaren isla da, etorkizunari bere esentzia galdu gabe begiratzen dion herri bat gara.
Atzera begira, gogoan dut San Joan hainbat lekutan ospatu izana: Saguesen, Egian, Herreran, Pasaian, Martutenen, baita beste herrialde batzuetan ere… Eta duela sei urte arte «deserrotuta» egon banaiz ere (San Joan gauari dagokionean) badago errotze kultural bat gau hori magikoa eta berezia egiten duena, edonon egonda ere.
«Duela sei urte arte «deserrotuta» egon banaiz ere (San Joan gauari dagokionean) badago errotze kultural bat gau hori magikoa eta berezia egiten duena, edonon egonda ere»
Orain dela gutxira arte deserrotuta egon naizela diot, baina orain horri guztiari gehitu behar zaio San Joan jada ez dela ospakizun edo festa bat soilik: Martutenen komunitate bat aurkitu dut. Nortasun partekatua. Musika, tradizioa, dantzak, gastronomia eta lagun, familia, bizilagun eta bisitarien parte hartzea biltzen dituen jaia.
Ikastolaren murala amaitzen ari garenean, osasun publikoaren aldeko manifestazio bat egin berri, udalbatzarrerako azken interpelazioak sartuta, ikasturte amaierako jai zurrunbiloan murgilduta (gure ikastolako jaialdia, Martutene K.E.-ren festa, Harrera Taldea eta Familia Laguna ekimenaren ekitaldiak)… Hainbeste lan egin ondoren, ez dakigu astelehenean suaren inguruan dantza egitera iritsiko ote garen… Konprobatzera etorri beharko duzue! Aurten, gainera, berrikuntza bat sartu nahi dugu: sorgin dantza.
San Joan ez delako gau magikoa soilik. Tradizioaren, harrotasunaren eta komunitatearen adierazpen bizia da. Sugarrek Euskal Herriko txoko guztiak argitzen jarrai dezatela eta ospakizun honek herri hau bakarra egiten duten loturak eta harremanak indartzen jarrai dezala. Gora sanjoanak!