Santanderreko lagunak
Xabier Vazquez, Realzalea
Santander izango da, San Mames izan ezik, Reala etxetik kanpo aldi gehiagotan ikusi dudan tokia. Bertan badira zale ultra batzuk, Juventudes Verdiblancas izenekoak, nahiko bitxiak. Esan liteke euren asmo nagusia beste inor asaldatzea dela; eta gu joaten garenean piperpotoa ateratzen dute (antza, min egiten digulakoan) baina Real Madril joaten denean…Kantabriako bandera ateratzen dute… Aurkariaren arabera aukeratzen dute zer diren eta zer sentitzen diren.
Igandeko partidan ez zen jende askorik Santanderreko estadioan, egia esan, ikusi behar zenarengatik ez pentsa oso merezi zuenik hotza pasatzera joateak. Hain jende gutxirekin, ez ziguten beste urte batzuetako harrera berorik egin. Urteren batean gure inguruko zale guztiei banderatxo bana eman zieten guri kasu egiteko, aurten ondokoak nahiko lasai genituen, eta euren taldea animatzeko gogo berezirik ere ez zuten izan. Anoetan bertan baino gutxiago animatu zen, eta horiek hitz potoloak dira.
Akaso euren jarrera oso oldarkorra izan ez zenez, Reala eta epailea eurekin errukitu egin ziren eta bat gehiagorekin jokatzeko aukera eman zioten Racingi bigarren zatian. Ziur nago denek pentsatuko dutela bere taldearen aurka erabakiak hartzea oso erraza dela, baina Realaren aurka erraz egiten dute.
Opariak opari, Racing ez zen gai izan bat gehiagorekin Reala mendean hartzeko, eta horrela talde txuri-urdinak 3 puntuko aldeari eutsi dio eta hango partida gainetik kendu. Ez da emaitza txarra. Zaleak nahiko pozik itzuli ginen. Zelaitik ateratzen utzi zigutenean, noski. Horretarako ere denboratxo batez eduki bai gintuzten harmailetan zain. Horrelakoetan beti aspergarriak iruditzen zaizkizu 3 minutuko ospe bila etortzen diren babaloreak. Gero etxera iritsi eta 300 pertsonak kasu egin dietela puztu egiten diren horiek. Baina joaten direnean faltan botatzen dituzu.
Halere, ez pentsa, penak bakarrik kontatu arren Realarekin bidaiatzea oso dibertigarria da. Baina hori zuek zuen kabuz egiaztatu beharko duzue hurrengoan.