Markel Ormazabal: 'Sartu Ciraden'
Ondo barrura sartu ere. Goikoa, Aitziber Etxeberriaren 31 baioneta eleberrian jasotzen den bertsoaren izenburua da. Sartu ciraden. Ez zen lehen aldia, ez eta azkena izango ere. Aspaldi, trabatu baitzen historia kiribil betiereko batean.
1813ko abuztuaren 31 hartakoaren ondoren hogeita hamasei etxe, lau eliza eta kartzela munizipala besterik ez ziren errautsetatik libratu. Elizak neguko tropen babesleku bilakatu ziren. Etxeak, Gaztela eta Galiziatik heldutako espainiar konpainien ofizial eta beren senideek bete zituzten. Eta, paradoxa, donostiarrek kartzelan aurkitu zuten babes. Aharik eta Gipuzkoako gobernadore militarrak kanporatu zituen arte. Mendekuz, kartzela hutsik baitzen.
Aliatu deituriko tropek hiriari egin bigarren erasoaren urteurrena igaro eta bi egunetara hil zaigu Alegiako aitona Eusebio, abuztuak 28 zituela. 1813an bezala, orain ere bagara kartzelak betetzen ditugun donostiar franko. Eta kartzelak husteko agindurik ezean, ez didate aitona agurtzeko aukerarik eman. Handia eta hotza zen hiria bere neurrirako eta askorik ez zuen jakingo duela berrehun urtekoaz. Gertuago zituen Wellingtonenak Tolosan eta ongi presente, 75 urte atzera, Molaren tropak Beasain aldetik sartu zirenekoa. Armada bera izan zen, Division Azul-eko jeneral Agustin Muñoz Grandes buru zuela eta frantziar, ingeles nahiz portugaldar ofizialak segizio, hiriaren erreketa eta arpilatzearen 150. urteurreneko ospakizunen arduradun. 1963a zen. Iraina irainaren gainean eta nago iraina errepikatzear gaudela hiria uniformedunez betez.
Bat nator Antonio Mendizabal Donostia Sutan-eko kidearekin: festa egin baino gehiago, esan behar da nork agindu zuen Donostia suntsitzea. Soldadu portugaldar edo britainiarrak izan, batzuk zein besteak Cadizko Gorteen aliatu ziren. Behe honetako bizilagunek Espainiako Independentzia Gerra deitu dutena lau haizetara loriatzen duten arren, nehork ez du Donostiako gertakarien erantzukizunik onartu. Gernikarekin beste horrenbeste gertatu zen. Eta guk erantzuleei gorazarre egiten dien hilerri-oroigarria mantentzen dugu Urgullen, zapaltzaileen armarri ponpoxo eta guzi. Ibañetako Errolanen oroigarria bezala, zapaldua den herriaren nora ezaren lekuko.
Elkarren eskutik dator gerratea eta espekulazioa. Xabier Arzelus idazleak orriotan gogoratu zuenez, garai hartako jauntxo eta etxejabe askok ezbehar izugarri hura etekin lotsagarriak lortzeko baliatu zuten. Berreraikuntza lanetan ez zen dena ausardia izan. Datorren urteko egitarauak, beraz, proiektu kolektiboa izateaz gain, gaur urtekoen erabat bestelakoa behar du izan. Herri xumearen alegatua, intsumisioa eta desmilitarizazioarena, komunitatearena eta askatasunarena. «Ideologizazioa», esango dute hainbatek; ez hiriko kaleak uniformedunez betetzea baino gehiago. Iñaki Egañak esan bezala, historia ezin da aldatu, baina haren gaineko ikuspuntua berritu daiteke.