Saturatuta
Donostiak historiako turista gehien jaso dituen urtea gainditu ondoren, urte berria agurtu eta egiaztatu ahal izan dugu Aste Santuan dena gehiagora joan dela: turista gehiago, ilara gehiago, masifikazio gehiago, baina —nire inguruko— jende gutxiago. Nire inguruko jendea, dena delakoagatik, kanpora joan da, eta bi faktore horiek elkartzen badituzu, hemen geratu den pertsona gisa, oso egun aspergarri eta jasangaitzak izan dira. Eta egia da kexatzen garela etortzen den turistaz, baina inguruko jende gutxiago egotearen arrazoia da hemengo asko kanpora joan direla, nire sare sozialak planez eta bidaiaz beteta daudela, segur aski, turistarena egitera eta beste zona batzuk masifikatzera joan direlako.
Gaiaren harira bueltatuz, esan beharra dago, gure hiria saturatuta dagoela eta ez dirudiela honek bukaerarik duenik. Eta bazirudien, udal hauteskundeen bueltan, udalak turismoaren eztabaidari heldu nahi ziola; nahiz eta, egun norbaitek benetan sinesten al du udal honek kudeatuko duela gero eta turista gehiagoren etorrera? Suposatzen da kontu honek urteak daramatzala mahai gainean, baina iritsi gara turistifikazioaren une kritikora, epe laburrerako erantzunak eskatzen dituzten hainbat faktore elkartzen diren momentura: hala nola, zona batzuen masifikazioaren ondorioak edo etxebizitzaren arazo larria. Izan ere, datuak hortxe ditugu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, 3.000 gazte inguru joan dira hiritik kanpo bizitzera.
Aste Santu honetan gogoeta egin dut, eta zera pentsatu dut: egun hauek har daitezke gure etorkizunaren adierazletzat? Kanpoan bidaiatzen egon ordez nire inguru hurbilena beste herri batean bizitzen egongo balitz, egun hauetan hirian egin dudan bizimoduak aste honen antza izango luke? Hemen geratuko nintzateke nire espazioak turistaz masifikatuko balira?
Ziur aski, egun hauetan dena gris ikusten dut eta Aste Santu hau gehiegi gain dimentsionatu dut, zeren mania hartu diot udaberriari, zerbezari, beroari eta eguzkiari ere. Eta kalean lau katu dauden otsaileko asteburu tonto horiek erromantizatu ditut. Nire asperduraz eta paranoiaz gain, benetan uste dut Aste Santu honetan bizi dudana datorren udaren atarikoa dela, beroagoa, saturatuagoa, eta, batez ere, jasangaitzagoa izango delako.