Sei urte baino ez
Zaila da hitz gutxitan asko esatea; zaila da San Sebastian eguneko bizipen horiek guztiak laburtzea; zaila da idazten hastea, baina… tira, aurrera!
Donostiarra naiz, joxemaritarra edo marijoxetarra, Santa Mariakoa naizelako. Ez naiz koxkeroa, baina nire bizipenak nerabezarotik orain arteraino Kresala Elkartearekin erabat loturik ditut, eta elkartea koxkeroa da. Txikitan ez nintzen kontziente. Ez ginen kontziente ere 1980. urtean lehenbiziko aldiz Kresalako danborrada misto bihurtu zenean. Gauzak naturaltasunez egin genituen elkartearen barruan, nahiz eta batzuk ados ez egon, baina gure kuadrillan, neskak eta mutilak, normaltasunez ikusi genuen irten behar genuela. Gainontzeko proiektuak, jarduerak eta irteerak elkarrekin egiten baikenituen.
Geroztik, izan gara kontziente emandako pausoaz. Guk irten nahi genuen gure lagunekin batera, eta irten ginen, besterik ez. A zer nolako zalaparta sortu zen! Ikaragarria! Baina, argi dago danborradari ez geniola ezer kendu, emakumeak ateratzeak ez ziola kalterik egin baizik eta gehitu eta ateak zabaldu biztanleriaren beste erdiari. Denborak horrela erakutsi digu.
Guretzat pauso txikia, naturala eta bateratua izan zen, baina danborradarentzat handia izan zen. Irten ginenean bazen txistuka aritzen zen jendea, baina baita txalotzen aritzen zena ere. Segituan ikusi zen San Sebastian egunari ez geniola ezer kentzen baizik eta gehitzen. Emozioz beteriko lehen egun horri beste gehiago gehitu zaizkio, eta aurten nire 25. danborrada izango da, Kresalarekin beti. Ez naiz aitzindaria sentitzen, ez naiz berezia; donostiarra naiz eta harro nago. 1980an irten egin nahi genuen eta kitto. Sei urte barru gure danborrada mistoak 50 urte egingo ditu. mende erdia! Gezurra dirudi.