Sen ona (gure) eta testuinguru hegemonikoa
Sen onaz hitz egiterakoan, kontuan hartu behar dugu bizi dugun mundua. Normalean, sen ona zer den aipatzerakoan, uste dugu zerbait estatikoa dela, baina ez da horrela. Izan ere, aldatzen da etengabe, eta, beraz, egokitu behar dugu bizi dugun mundura.
Testuinguru hegemonikoak eragiten du gure sen onaren bilakaera, hortaz, garaian garaiko eta lekuan lekuko sen onaz hitz egin beharko genuke, eta ez unibertsala den balore bat bailitzan, horretara ohituta bagaude ere.
Sen ona aldatzen doala ikusteko, ondorengo ideia hauek aipatuko nituzke. Azken urteotan, feminismoak eragin duen jendartearen aldaketa; jabetza pribatuaren inguruan nozitu dugun aldaketa, kapitalismoaren barruan; eta herrien burujabetza eta horretaz dugun kontzeptua. Europan eskuin muturrak duen gorakada ere aipatzekoa dela uste dut.
Feminismoa aspalditik datorren pentsamendua eta jarduera bada ere, azken urteotan egin zaigu ezaguna. Ikusten da emakumeen sen ona ez dela gizonezkoen sen ona askotan. Esate baterako, emakumeak izan dira eta dira zaintzaren ardura dutenak: umeak sortu ez ezik, zaindu ere egiten dituztenak, eta, umeak zaintzeaz gain, zaharren eta ezinduen ardura ere euren gain hartu eta hartzen dutenak.
Hau ikusita, gizonezkooi dagokigu emakumeek lehen zuten eta orain duten sen onaz jabetzea eta geure egitea, zaintza gizonezkoon ardura ere badelako. Marko ideologikoa aldatu da, eta gizonak ere aldaketa horretara egokitu behar gara. Ez ahaztu soldatak ere oraindik parekatu gabe ditugula.
Jabetza pribatuaren kontuarekin zera esango dugu: Europa, gu barne, aldatzen ari da, eta ez onerako, txarrerako baizik. Gure sen onari begiratzen badiogu, onartu behar dugu batzuek (gehienok) 1.000 euro irabazten ditugun bitartean, beste batzuek 40.000 euro irabazten dituztela. Eta, hori gure sen onaren barruan sartzen bada, uste dut gaizki gabiltzala. Nola partekatuko dugu sen ona elkarrekin, egoera aldatu ezean? Zeinek egiten du sen ona? Telebistak, irratiak, egunkariek, filmek, antzerkiek, literturak, hizkuntza hegemonikoak, sare sozialek, Internetek, eta abar. Eta, horrela gabiltza, Europan eskuin muturra gora eta gora doan bitartean.
Hirugarren puntua aipatuko dut: hizkuntza gutxitu bat izateak eta herri txiki zapalduko hiritarra izateak dakartzan ondorioak. Hiztegian sen ona aipatzerakoan parentesi artean gure hitza agertzen da. Hitz horrekin ulertzen dudana da komunitatea, gure komunitatea, alegia. Hau da, sen ona aldatzen dela herri batetik bestera. Bizi dugun hizkuntza hegemonikoa ez da gure esparrua, gure aurkakoa baizik, ez garelako hizkuntza hegemonikoaren parte sentitzen, hizkuntza gutxituaren eta gutxietsitakoaren parte baizik. Herri txiki eta zapaldu bateko parte baizik.
Gure sen ona eta estatu zapaltzaile bateko herritar baten sen ona ezin dira berdinak izan. Gure sen ona lotuta dago errealitate horretara, komunitate zehatz bateko parte sentitzen gara. Eta, burujabetza ezinbestekoa zaigu, sen ona partekatua izateko.