Txikitatik dut ahultzat nire burua, sentimenduak izan eta azaleratzea gaizki dagoela esan izan baitidate. Ezin dudala dena pertsonalki hartu. Ez haserretzeko. Ez dudala zertan burumakur egon. Arrazoi izan arren, hobe dudala isildu. Sekulako zama eraman izan dut beti soinean, ahoa itxita sufritzera ohitu naizelako. Ez soilik nik neuk bizitako gertaerengatik, baita injustizien lekuko izateagatik ere. Batzuetan, dolua buruko, bizkarreko eta sabeleko minei esker somatizatu ahal izan dut. Besteetan, ezin izan dut saihestu minok malkoz edo hitzez botatzea. Atzetik, adjektibo zerrenda luzea: makala, alua, esajeratua, ahoberoa, hauskorra.
Urrian ezagutu nuen mutil batek harro esan zidan PAS zela. PA… zer? Gaztelaniaz oso sentiberak diren pertsonak deskribatzeko erabiltzen den akronimoa da. Gertaera ñimiñoekin sufritzen dutenak, oso enpatikoak direnak, emozioak kostata kudeatzen dituztenak. Bueltaka aritu nintzaion gaiari, ni ere hala nintzelakoan. Inguruko neskekin komentatzean, argi ikusi genuen. Et, et, et! Ez gara sentikor hutsak, gu ere PAS gara, aizue! Bai, orduantxe egin nuen topo azpijokoarekin: sentimenak negatibotzat jo izan ditugu emakumezkoei lotzen zaizkielako. Emakumeok histeriko, gizonak indartsu. Gizarte hotz eta apatikoa sortu dugu arrazoiaren mesedetan.
Iruditzen zait, alabaina, pandemiak aldaketa ekarri duela gurera. Hainbat gizonezkok gaizki pasatzen ari dela aitortu du, publikoki. Gertuko mutil dezentek kontatu dit azkenaldian goibel dabilela. Sentimenduak ez dira generoaren ezaugarriak, edozeinek lotsarik gabe bizi nahiz jakinarazteko zerbait baizik. Askatu beharreko zerbait, gure buruak leher egin baino lehen.
Musukoak irribarrea estaltzen digu, hedabideek besarkadei uko egiteko eskatzen digute eta goikoek maite ditugunengandik urruntzera derrigortzen gaituzte. Ezinegonaz gainezka gauden honetan, nola ez dugu, bada, normalizatuko emozioez mintzatzea? Akaso, sentitzen duguna inoiz baino ozenago eta zintzotasun gehiagoz oihukatzeko unea iritsi zaigu. Hemen da sentimenduen iraultza. Hori bai, ea, behingoagatik, ez duen generoen artean bereizten, sentimenak adieraztea baino gauza adoretsuagorik ez dagoelako.