Sexualitate ikastaroa
Pasa den astean sexualitateari buruzko bilera batera deitu gintuzten semearen ikastolara. 11-12 urteko gaztetxoren berrogeita hamar bat guraso gerturatu ginen.
Irudipena daukat, horrelakoetan, erantzun konkretuen bila joaten garela gurasoak eta beste askotan bezala, hizlariak «nik ez daukat errezeta magikorik» bota zuenean halako etsipen sentsazio bat zabaldu zela gela koloretsu hartan. Eta irudipena daukat, geure buruari tranpa egiten diogula. Bai, tranpa egiten dugula, abentura honetan sartu ginenean, bagenekielako umeak ogi barrarik eta instrukzio libururik gabe etortzen direla, eta, beraz, erabakiak hartzea guri tokatzen zaigulako.
Bueno, kontua da, hizlariaren sarreraren ondoren elkarrizketa erraz bat hasi genuela gurasoen artean, gustura aritu ginen. Gaztetxoei buruz ari garenean gutxitan gertatzen den bezala mezu positibo asko entzun nituen. Eta egia da, garbi dago garai bateko tabu asko gainditu ditugula eta lehengo heziketa zurrun eta ilunari argi pixka bat jarri diogula, eta noski, elizak zabaltzen zituen beldurrezko mezu haiek barregarriak egiten zaizkigu gaur egun, eta bai, gure seme-alabek etxean ikusten dituzten ereduak aldatzen ari dira pixkanaka, eta arrazoi zuten, garai batean amak bezala aitok ere gure seme alaben heziketan parte aktiboa hartzea erabaki dugu, eta…
Bai, bilera hartan geunden berrogeita hamar gurasoetatik zortzi baino ez ginen aita.
Eta zoritxarrez, optimismoa ez da kutsakorra.
Edo zorionez.