'Siga el baile, siga el baile'
Niretzat dantza ezinbesteko beharra da, kulturen batasuna sinbolizatzen duena. Dantza egiteak beste bat bihurtzen zaitu, imitatzen dugulako. Haren mugimenduak imitatzen ditugu, haren espresioa. Dantza egitea munduan zehar bidaiatzea da, eta krisi honetan gelditu egin behar izan dugu eta garenak izan behar izan dugu, eta sentitzen dut nire kasuan inoiz ez nintzela izan orain bezain argentinarra.
Etxean egotea eta musika jartzea nahiko erraza da, baina dantza egitea beste gauza bat da. Zentzurik handiena duen ekintza kolektiboa da, ezberdintasunak leuntzen dituen identitateen sortzailea, pertsonak batzea eta poztasun kolektiboa adieraztea lortzen duena.
Orain badirudi dantzaldiak itzultzen direla, dantza pistetara, DJ saioetara. Kontzertuetara, ez. Musika arautu eta legeztatzen duen jendeak, ezin du areto baten funtzionamendua ez ezagutu. Ez du zentzurik kontzertu bat aulki batean eserita ikusteak, eta handik bi minutura leku berean DJa hasten denean dantzatzeko jaikitzeak. Espazio hau aprobetxatuz, eskatzen dugu behingoz kontzertu aretoetarako lizentziak ematea, guztiak gaueko aisialdirako zakuan sartu ordez. Baina agian asko eskatzea da pandemian ikusi dugunaren ondoren. Behin eta berriz, kulturaren sektorea zapaldu dute, eta iragarri dute ez dela neurri berezirik izango ez estatu mailan, ez autonomia mailan. Beste dikotomia zahar batzuk ere agertu dira, goi kulturaren eta herri kulturaren artekoa, eta badirudi kulturaren arduradunentzat, gu jendea mozkortzen baino ez garela aritzen.
Pandemia horrek zerbait erakutsi badu, pentsamendu kolektiboa eraldatzeko beharra da; horretarako, erakundeak aldatu behar dira, Kultura Ministerioa bereizi kiroletik, jokotik (apustu etxeak eta abar) ikuskizunetatik, eta behingoz artistaren estatutua sortu. Hori gerta dadin, erabakitzeko botere postuak dantzan dakien jendeak bete behar ditu. Eta ez badira oroitzen urriaren 28an aretotik pasa daitezela, ezinezkoa izango zaie ez dantzatzea.