'Sinatu'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea.
“Que vienen los vascos!” izan ohi da Nafarroako ultra eskuindarrek euren jarraitzaileak mobilizatzeko erabiltzen duten gerra-oihua. Edozertarako balio dezake oihu horrek, hala abortuaren kontra jotzeko nola Javieradako parte hartzaileei adorea emateko, eta zer esanik ez, nafar guztion ondarea den linguae navarrorum-aren “alde” egiteko.
Ez genekiena zera zen, Sadarreko jarraitzaileen artean ere eragina zuela leloak. Beldurrak airean zeuden gizajoak! Hain beldurtuta non –ETBk Iruñean hartutako elkarrizketei kasu egitera- zale gehienek berdinketa sinatzen zuten partida hasi aurretik.
Nik ere sinatzen nuen berdinketa, partida hasi aurretik ez, baina atsedenaldian. Ez zitzaidan gustatzen zelaian ikusten ari nintzena eta ez nuen uste handik ezer onik aterako genuenik. Alabaina, Osasunari baino gehiago, Realari nion beldurra. Azken urteetako historiari errepaso azkar bat ematea nahikoa da ikusteko Realak beti galtzen dituela igandekoa bezalako partidak. Aurkaria hobea izan ez, eta hala ere, galdu. Askotan ikusi dugu, hainbestetan non gure DNAren barruan daramagun. Eta minutuek aurrera egin ahala nire beldurra funtsik gabekoa zela ohartu arren, ez nuen ezinegona uxatzerik izan harik eta Mateu Lahozek amaiera seinalatu zuen arte.
Bai, aitor dut: oilobusti hutsa naiz.
Osasuna ez zen gai izan kili-kili handirik egiteko, baina partiduan egon zen denbora guztian. Eta Reala partiduan egon zen denbora guztian, baina gure aurrelariak ez ziren gai izan atzelari nafarrei kili-kili handirik egiteko. Gauzak horrela, logikoena
berdinketa zen, Reynoko zaleek hasi aurretik eta nik atsedenaldian sinatzen genuena. Ezin duzunean irabazi, ondo dago berdinketa.
Zerbait ikasten ari garen seinale.
Etzi, Valentzia dugu bisitari. Sailkapenari begira, berdinketa ere sinatzeko modukoa izan liteke, batik bat, Malagak galtzen badu.
Oraingoan, baina, ez dut egingo.
Beldurra DNAn eraman arren, aurtengo Reala tematuta dago frogatzen ezen ikasten duen taldea dela eta ez dela historikoki ezagutu duguna.