'Sisiforen harria'
Greziar jainkoek oso zigor berezia jarri zioten Sisifo izeneko errege bati. Infernuan harri handi eta pisudun bat maldan gora eramatera kondenatu zuten. Gailurrera iritsi aurretik, ordea, harria behera erortzen zen eta Sisifok berriz hasi behar izaten zuen lan nekeza hura. Harritzarrarenaz gain inoiz amaitu ezin den lanaren pisua eraman behar izan zuen Sisifok betiko.
Homero idazleak kontakizun hau jaso zuenetik urte mordoa pasa bada ere Loiolan gaurkotasun handia nabaritu diogu egunotan. Topoaren lanak amaitzear daudelarik, eta bake pixkat izango genuela uste genuen une hartan, danba! Erori zaigu harria berriro (literalki) Astiñeneko zubiarekin. Eta beste behin ekin diogu berau gora igotzearen lan nekezari.
Sisifok sentitzen zuen frustrazio berbera sentitu zuten aurreko astean berriro ere Loiola existe, lanak bukatu lelodun kartela berriro ere zintzilikatu behar izan zuten bizilagunek. Baina frustrazioak ez du etsipena ekarri. Loiolatarrok zama honi bultzaka hasi gara (mobilizazioen bidez). Gutxienez harriari goroldioa atera ez dakion.