Sito Alonso
Aritz Sorzabal, kazetaria
Sito Alonsorekin ez dago asmatzerik; nik, behintzat, ez diot neurria hartu. Joan den denboraldiaren atarian Lagun Aro Gipuzkoa Basketen entrenatzaile berri gisa aurkeztu zutenean zalantza handiak nituen berarekin. Ez nuen ezagutzen, telebistan saskibaloi partidaren bat edo beste aztertzen egin zuen lana ikusi eta gero ateratako inpresioa besterik ez zen. Teoriko hutsa iruditu zitzaidan, aditu gogaikarri horietako bat. Horren entrenatzaile gaztea izanda langabezian egotea seinale txarra zen, gainera, are eta gehiago ACB Ligan izandako lehen aukeran porrot egin ostean: Joventut zuzentzen, alegia. Denboraldia hasi zen, eta emaitza kaskarrak pilatu zituen talde donostiarrak. Hala ere, berearekin jarraitu zuen, erretorika berdinarekin, eta nik gero eta antza gehiago hartu nion Realean duela ez hainbeste egon zen entrenatzaile batekin; entziklopedia saltzailearen itxura zuen horrena. Hilabeteak pasa ziren eta emaitzak iritsi ziren; sekulakoak, gainera. Taldea inoiz baino trinkoago ikusten nuen, bai kantxan, baita aldagelan ere. Zaleak Illunbeko trenera igotzen hasi ziren eta nik aurreiritziak bazterrean utzi eta berekiko jarrera aldatu nuen. Inoiz amore ematen ez duen talde bat ikusi nuen, entrenatzailearen lanari esker. Hala gertatzen denean ezin da gehiago eskatu, are eta gehiago, beste klubekin alderatuta, Gipuzkoa Basketek baliabide urriak dituenean. Ez nuen zalantzarik; Donostiako taldearentzat entrenatzaile onena zen Alonso. Orain, berriz, kontratua eten duela ikusita, benetako arrazoiak zeintzuk diren jakin beharrik gabe, iritziz aldatu dut berriro. Kluba, jokalariak eta zaleak bat eginda egotea lortu eta gero, nola da posible halako trikimailu espekulatzaile bat erabiltzea bere asmoa Donostian jarraitzea bada? Arrazoi bakarra beste nonbaitetik sirena hotsak entzun dituela behar du izan; hala ez bada, gaur arte zuen kontratua hobetzeko amarrua bada, Gipuzkoa Basketek beste entrenatzaile bat bilatzen hasi beharko luke. Konfiantza urratu baitu Alonsok, eta sinesgarritasunik gabe ez da entziklopedia bakar bat bera ere saltzen.