Solidaritatea eraiki
Urteari hasiera emateko, Caritas Gipuzkoak solidaritatea eskatu nahi du. Urtero, urtarrilaren 5ean, eta duela bost urte jada, deialdia egiten diegu herritarrei gure lurraldeko haur eta gazte behartsuenei laguntzeko, Errege Opil Solidarioa izeneko jardueraren bidez. Izan ere, bene-benetan uste dugu solidaritatea gure gizarteak gal ezin dezakeen premisa etikoa dela.
Solidaritatea gizarte balio bat da, beste balio batzuk ere barne har ditzakeena, hala nola, duintasuna, justizia, errukitasuna edo zaintza. Hala ere, solidaritatea da parte hartzea eta konpromisoa modurik argienean bultzatzen dituena.
Horrenbestez, solidaritatea da bere inguruari adi dagoen eta, besteak beste, inguru horretako injustizia errealitateak aitortzen dituen gizartearen adierazpen publikoa. Mobilizazioaren balioa da injustizia horiek arindu, murriztu edo aurkaratzeko pausoa ematen duena. Eta gizartearen maila morala agerian jartzen du: zenbat eta gehiago sustatzen dituen konpromisoa eta parte hartzea, orduan eta gizarte humanoagoa izango da.
Ikuspuntu horretatik, beraz, solidaritatea eraiki egiten da; hau da, hasteko, ingurua behatu eta errukitasuna sentitu behar da ondokoaren bidegabeko sufrimenduagatik, eta, gainera, sufrimendu hori arintzea ondo legokeela pentsatu behar da. Martha Nussbaum filosofoaren hitzetan, sozialki sofistikatutako sentimendua da.
Hori dela eta, bi alderdi hauek kontuan izan beharko genituzke: alde batetik, esan dezakegu solidaritatea ez dela espontaneoa; izan ere, lan pertsonal artikulatua eskatzen du (behatzea, errukitasuna sentitzea, mobilizatzea), gerora gure auzoetan ikusten eta gauzatzen dugun gizarte erantzuna bihurtzeko.
Eta, bestetik, behar-beharrezkoa da gizartearen parte hartzea hezi eta sustatzea. Horretarako, politika publikoak indartu ahal eta indartu behar dira, bai eta zailtasun egoeran daudenekiko konpromisoa eta erantzukizuna sustatu ere, gizarte eskubideak kaltetu gabe, eskubide gisa inoiz erreklamatu ezingo ditugun bestelako beharrak ere baitaude: itxaropenarena, kontsolamenduarena, samurtasunarena, sentiberatasunarena, eta abar (Adela Cortina).
Solidaritatea, hitz batez, familien, ikastetxeen, elkarteen, parrokien, auzoen eta politika publikoen esku dagoen prozesua da. Eman diezaiogun hasiera urte berriari. Urte berri on.