Sorpresa!
Donostiako bizikleta sistema publikoaren (Dbiziren) inguruan jasotako berriak baikorrak izan dira, gehienetan. Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziarentzako, zerbitzu publiko baten arrakastaren seinale. Datuek ere hori bera erakusten dute.
2020an martxan jarri zutenean, helburua sistema berriaren mantenu jarraitua bermatzea zen. Eta hiritarrok hala erantzun genuen, hain zuzen ere, bizikletaz egindako bidaien kopurua bikoiztea lortu zen hamabi hilabetean baino gutxiagoan. 2023ko irailean, datuek berriro arrakasta erakusten zuten eta zerbitzua jarri zenetik emaitza onenak zenbatu ziren: guztira, 114.335 bidaia egin ziren. Erabileraren gorakadak, zerbitzuaren zabalkundearekin bat egin zuen eta geltoki gehiago jarri ziren Altza, Bidebieta eta Añorgako auzoetan zerbitzua indartzeko.
Era berean, sendotze horrek, geltokiak ez ezik, bizikletak ere ugaritu beharra eskatzen zuen eta hala, 2023ko udan, beste 257 bizikleta elektriko gehiago sartu ziren zirkulazioan. Urte hartan, sistema berriaren egonkortze fasea gainditu zen, eta mugikortasun sailetik, datuekin bizikleten zerbitzua finkatuta zegoela berresten zela argudiatzen zen. Horrekin guztiarekin, zerbitzuaren gorakada geldiezinean, 2024an ere, Dbizi bizikleta zerbitzuak gora egin zuen: 365.000 bidaia baino gehiago zenbatu ziren uztailean, aurreko urtean baino 120.000 gehiago.
«Sorpresa! Donostia hiri berde eta jasangarri gisa saltzen dutenek langileen prekaritatearen kontu egiten dutela. Sorpresa berriro ere!»
Baina anbizioak ez zuen goia jo, eta 2024an, Donostiako eta Astigarragako bizikletak alokatzeko sistema publikoak osagarritzat jotzeko lehen iniziatibak hasi ziren eta, zerbitzua hobetze aldera, Geltoki+ abian jarri zen. Bidaien gorakadak sortutako arazo bati neurriak jartzeko, hots, hainbat geltokitan tokirik gabe gelditzean aparkatu ahal izateko funtzionalitate berria.
Jakina, honek guztiak badu beste aldea. Langileena. Datuen atzean dagoen errealitatearena. Hau da, aurretik aipaturako iniziatiba, datu eta hobekuntzen atzean lan baldintza kaxkarrak daudela. Sorpresa! Donostia hiri berde eta jasangarri gisa saltzen dutenek langileen prekaritatearen kontu egiten dutela. Sorpresa berriro ere!
Hain zuzen ere, Dbizi sortu zenetik, langileek ez dute inolako lan baldintzen hobekuntzarik izan, zerbitzuek gora eta gora egiten bazuten ere. Arrakastaz saldutako datuek (10.000 erabiltzailetik gora!) lan kargan izandako eragina ez da orekatu eta, hasi zirenetik, lau langile baino ez dituzte gehitu plantillara. Hau guztia apenas 1.200 eurora iristen den nomina batekin. Egoera honekin, Dbiziko langileek antolatu eta borroka kalera eramatea erabaki dute, eta, horregatik, lanuzteak iragarri dituzte hilabete honetan zehar.
Nire partetik, elkartasuna langileekin!