#SOSGizarteEkintzaDonostia
Donostiar guztiongana jotzen dugu, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako langile guztien izenean: gizarte langileak, psikologoak, administrariak, teknikariak eta hezitzaileak gara. Herritarrak euskal gizarte zerbitzu sistemara publikora sartzeko atea gara, udal, aldundi eta Eusko Jaurlaritzako zerbitzuak jasotzeko sarrera gara.
Donostiarrei egoera zailetan laguntzeko gaude, baita eguneroko bizi kalitatea errazteko eta hobetzeko ere. Horretarako, ezinbestekoak diren zerbitzuak kudeatzen ditugu, hala nola, etxez etxeko laguntza, ezintasun eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako baliabideak, haurrentzako arreta psikologikoa eta goiztiarra, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen arreta zerbitzua, zailtasun eta bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako baliabideak, adinekoentzako zerbitzuak…
Baliteke zerbitzu horiek jasotzen dituen norbait ezagutzea, edo agian zu zeu zara onuraduna edo etorkizunean behar izango dituzu. Unea iristen denean, kalitatezko arreta azkar eta duina eskainiz erantzun beharko genizuke, baina errealitatea ez da horrelakoa.
Azken bost urteotan, gizarte zerbitzuen eskaria %21 hazi da; ez, ordea, kalitatezko arreta mantentzeko beharrezkoak diren baliabideak. Urteak daramatzagu neurriz kanpoko lan karga jasaten, eta, kasu askotan, ezinezkoa egiten zaigu gure lana behar den bezala egitea: jasotzen ditugun deien %50ari baina gehiagori ezin diogu erantzun, gizarte langilearekin hitzordua izateko asteak itxaron behar ditu herritarrak, laguntza ekonomikoak jasotzeko atzerapenak daude ezin ditugulako kudeatu, psikologoek ezin dute haurtzaroko kasuak beharko luketen jarraipena egin, familiei ostaturik eman ezinik gabiltza…
«Itsasontzia hondoratzen ari da, eta arduradunen pasibotasunaren aurrean mobilizatzen hasi gara, helburu batekin: erreakzionatu dezatela»
Egoera horren aurrean, arduradun politikoek erabaki dute badirela beste behar garrantzitsuago batzuk. Herritarren zaintzara eta arretara bideratzen diren politiketan inbertitu baino, nahiago dute guztion dirua beste gauza batzuetan gastatu.
Egoera jasanezina da, ezin dugu gehiago. Ahalegin handia egin arren, langile gehiagorik gabe, baliabide material gehiagorik gabe… ezinezkoa da legeak agintzen duen moduko kalitatezko zerbitzua ematea, eta herritarrek horretarako eskubidea dute.
Itsasontzia hondoratzen ari da, eta arduradunen pasibotasunaren aurrean mobilizatzen hasi gara, helburu batekin: erreakzionatu dezatela. Hitz jarioa alde batera utzi eta berandu baina lehen beharrezko baliabideak jarri ditzatela eta gizarte zerbitzu publikoak salbatzeko eskatzen diegu.
Tamalez, hainbat astez mobilizatu ondoren, ez dugu erantzunik jaso, ez Eneko Goia alkatearen aldetik, ezta Gizarte Ekintzako zinegotzi Maria Jesus Idoetaren aldetik ere. Zeren zain daude erantzuteko? Ez al dira egoeraren larritasunaz jabetzen? Ez al dute herritar, ongizate eta bizi kalitatearekiko erantzukizuna eta konpromisoa onartzen? Zeren zain daude neurriak hartzeko eta ondorio konponezinak saihesteko? Ez al zuten esaten, “inor atzean utzi gabe”?
Zu ere parte zarelako, behar zaitugu. Lagun gaitzazu egoera larria salatzen eta gizarte zerbitzu publiko, duin eta kalitatezkoak berreskuratu eta bermatzen. Eska dezagun konponbide bat elkarrekin! Horregatik, datorren ostegunean, martxoaren 27an, 12:00etan Bulebarrean egingo dugun manifestazioan gurekin parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Anima zaitez!