Suak eta helatuak
Aste Nagusiko astelehenean, bertsotan aritzea tokatu zitzaidan Easo plazan. Jai bezpera, jarrita egoteko eguraldi ederra, eta jende asko hurbildu zen saioa entzutera.
Horrelakoetan gertatzen den bezala, espazio komunetan eta erreferentzia konpartituetan ibili ginen saioaren zati handi batean. Hau da, su artifizialen eta helatuen arteko bikote hautsezin bezain ñoñoan, marko inkonparablearen postal barrutik hutsean eta abar, badakizue.
Normala da, hor ez dago, dozenaka entzuleren aurrean, iruditegi eta helduleku berriak sortzeko modurik, eta tokian tokiko topikoetan nabigatu beste aukerarik ez da izaten. Baina, puntuka ari ginela, horrelako zerbait botatzea okurritu zitzaidan: «Joder, ba neri suak gustatzen zaizkit!».
Egia esango badut, gezurra da. Suak ez zaizkit batere gustatzen, are gehiago, ez ditut ulertzen. Baina nahi nuen, nolabait, nire donostiartasuna aldarrikatu.
Izan ere, batzuetan gu ere, donostiarrak, topiko horietan geratzen garela iruditzen zait, eta azkenean, topiko horiei guk ematen diegula behar ez luketen indarra. Donostia pijo erdaldun hori hor dago, eta niri ere ez zait gustatzen, baina ezin dugu Donostia euskaldun bat beste horren ukaziotik soilik eraiki.
Horrelako zerbait esan nahi izan nuen agurrean:
Donostiarra naiz eta, beraz,
Niretzat ez da problema,
Nahiz ez gustatu, normala denez,
Gure hiriaren dena.
Bere gauza on eta txarrekin
Ez da munduko txarrena,
Utz ditzagun ba klitxe guztiak
Eta onartu garena,
Garen hortatik borrokatzeko
Izan nahi genukeena.