Surf militantea
Otsailaren 27an Nekane Benavente auzokideari egindako elkarrizketa gogotsu eta arretaz irakurri nuen, eta bertan aipatu zituen kontuak oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Alta, elkarrizketaren lerroburuak barrenak mugitu zizkidan zertxobait, halaxe zioen: «Azkenaldian bihurtu da ‘surflari auzoa’, baina militantzia handiko auzoa izan da Gros». Baieztapen honek zuzenean kontrajartzen ditu militantzia eta surfa, baina, zorionez, errealitatea bestelakoa da; gutxienez, Groseko hondartzan.
25 urte baino gehiago daramatzat surfa praktikatzen eta iragan urte hauetan guztietan izan duen bilakaeraren lekuko zuzena izan naiz. Gainera, azken hamarkadan, Groseko Indarra surf elkartean ardura ezberdinak bete ditut eta horrek surfaren munduaren zirrikituak ongi ezagutzeko aukera eskaini dit. Gogoan daukat oraindik nerabea nintzenean surfak zer nolako kutsu negatiboa zuen eremu militantean. Surfa eta Sagueseko muro inguruan zebiltzan surflariak estatubatuarrek munduari saltzen dioten bizimodu kapitalistaren, American Way of Life-aren, ikono ziren, sentsibilitate abertzale eta ezkertiarra zuten askorentzat. Areago, surf munduan giro espainolak agintzen zuela zioen iritzia, hizkuntzaz zein pentsamenduz, oso zabaldua zegoen militante abertzale eta ezkertiarren artean. Finean, surflariak pijo espainol eskuindar kuadrilla bat besterik ez zirela sinisten zuten militante kopurua ez zen makala, eta gaztetan antolakunde abertzale eta ezkertiarretan parte hartzen hasi ginenok mezu hori jaso genuen zuzenean ala zeharka. Noski, urte haietan surflarien artean zegoen giroa aurreiritziz beteriko kanpoko begirada batek deskribaturikoa baino askoz konplexuagoa izango zen, baina ikuspegi horrek Nekaneren ingurune militantean indar handia zuela ukatzerik ez dago. Horren adierazle da, gaur egun oraindik, diskurtso horren oihartzuna aurki dezakegula hainbat pertsonen ahotan.
Azken bi hamarkadotan, baina, surf zaletasuna izugarri handitu da Euskal Herri osoan, masifikatzeraino, leku askotan. Horren ondorioz, ez dago surflariaren profil homogeneo bat marrazterik; kontrakoa, esan genezake lekuan lekuko ezaugarri soziolinguistikoen ispilu dela surf komunitate lokala. Zentzu horretan, azpimarratu nahiko nuke Donostian mugimendu abertzale eta ezkertiarrak indar handia duela eta balio aurrerakoiak defendatzen ditugun herritarrak gehiengoa garela. Joera horrek surf munduan eragin zuzena dauka eta mundu hobe baten alde gure hondar alea jarri nahi dugun surflariak ez gara gutxi.
«Surfa eta militantzia kontrajarriak ez direla bistakoa da, eta auzoko giroa konprometitua eta solidarioa izan dadin, gure ekarpen txikia egiten dugu»
Esandakoaren adibide argia da gure elkartea: Groseko Indarra Surf Taldea. Surfaren munduan ez ezik, kirolean badago oso zabaldua dagoen diskurtsoa: kirola eta politika ez direla nahastu behar defendatzen duena, alegia. Politikak gure bizitzako eremu guztiak baldintzatu eta arautzen ditu, beraz, nabarmena da ideia horrek ez duela helduleku sendorik. Eztabaida hori surfaren munduan ere askotan ematen da, baina, azkenean, jende guztiak bultzatzen ditu balio jakin batzuk, nahita edo nahigabe. Hausnarketa horretaz haratago, guk argi daukagu gure lehentasuna surfa bultzatzea eta surflarientzako azpiegitura txukunak eskaintzea dela, baina ez edonola. Euskal gizartean sustraituta sentitzen gara eta inguratzen gaituen jendartearen kezka eta erronkak gure egiten ditugu. Horrexegatik, balio aurrerakoiak (euskaltzaletasuna, parekidetasuna, parte hartzea, inklusioa, elkartasuna, naturarekiko zaintza eta errespetua…) besarkatzen dituen surfa bultzatzen dugu, eta gure ibilbidea aipatu balioak bultzatzen dituzten eragile eta norbanako guztiekin elkarlanean burutu nahi dugu. Ez dugu gure elkartea bazkideen beharrak asetzera bideratu nahi soilik; gure egitasmoarekin bat egiten duten ekimen herrikoien zerbitzura daude Groseko Indarraren azpiegiturak, eta gure ateak zabal-zabalik aurkituko ditu asmo horrekin bat egiten duen edonork. Horrexegatik antolatzen ditugu ekimenak Martxoaren 8an, Korrikaren testuinguruan eta Palestinaren alde, edo parte hartzen dugu modu aktiboan Groseko jaietan. Horiexek dira gure egitasmoaren ardatzak eta horri tinko eutsiko diogu.
Groseko hondartzan surf elkarte dezente daude eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Gure kasuan, azpimarratzekoa da irabazi asmorik gabeko elkartea garela eta horrek alderdi komertzialaren esklabo ez bihurtzeko aukera ematen digula. Sortzen dugun aberastasuna elkartearen azpiegiturak eta langile eta bazkideen baldintzak hobetzera bideratzen dugu, baita arestian aipatu ditugun balioak indartzen dituzten ekimenak sustatzera ere. Gainera, elkarte izaera oso indartsua dugu eta hartzen ditugun erabaki guztiak modu kolektiboan hartzen ditugu, hausnarketa, parte hartzea eta auzolana sustatuz. Iniziatiba indibidualek eta enpresa pribatuek pisu handia dute surfaren munduan, eta gure ereduak balantza orekatzeko ekarpen garrantzitsua egiten duela uste dugu. Euskal Herrian elkarte eta elkarlan kultura handia dago eta gure eremuan ere horri heldu nahi diogu, eredu horrek hamaika bertute dituela sinisten dugu eta.
Groseko Indarraren egitasmoak argi uzten du militantzia eta surfa ez direla kontrajarriak eta inoiz surf munduan giro atzerakoia nagusi bazen, iraganean geratu direla garai haiek. Dena dela, kirolek ez dituzte ezaugarri soziolinguistiko mugiezinak eta gailentzen den giroa kirolarien jarreren araberakoa izaten da. Surfa ez dago horretatik salbu, eta bere ezaugarri objektiboek hainbat balio bultzatzeko aukera ematen duten arren, arrisku nabarmenak ere baditu. Naturarekin harreman zuzenean praktikatzen den kirol bat izanik, gure ingurune naturala ezagutu eta balioesteko aukera eskaintzen du, baina kirol indibiduala eta masifikatua izaki, jarrera berekoiak gailentzeko arriskua era badauka, adibidez. Gainera, haize bolada faxistak mundua gogor astintzen ari diren honetan, ezinbestekoa iruditzen zait eremu guztietan esfortzu berezia egitea balio aurrerakoien aldeko borroka indartzeko eta faxismoari arrakala oro ixteko. Borroka horrek eremu guztietan dauka garrantzia, baita surf munduan ere, areago, hainbeste jende mugitzen duen kirola dela kontutan hartzen badugu. Jendearen eguneroko bizitzan balio aurrerakoiak sostengatzen dituzten ereduak bistaratzea eta eskaintzea faxismoari aurre egiteko modu eraginkorra dela sinisten dut, politika ez delako soilik alderdi politikoen bulegoetan edo instituzioen pareta artean egiten. Kirola, surfak gure kasuan, paper garrantzitsua joka dezake zentzu horretan, eta gure txikitasunetik eta gure umiltasunetik, saiakera etengabe horretan dihardugu.
Honengatik guztiagatik tristatu ninduen Nekaneri egindako elkarrizketaren titularrak. Surfa, eta militantzia kontrajarriak ez direla bistakoa delako, eta auzoko giroa konprometitua eta solidarioa izan dadin, gure ekarpen txikia egiten dugula iruditzen zaidalako. Izan zirelako gara eta garelako izango dira; saia gaitezen gero eta gehiago izaten eta gero eta eremu gehiago gureganatzen.


