Sutara eltzea!
Zigor Etxeburua, Euskalgintzako kide
Azken hauteskundeetan Gipuzkoako hiriburuko Udalean gertatuak azaltzeari ekin nahi niolarik gaurko zutabean, nire burutazioek bide mistikoetara jo dute, halabeharrez. Ze, ez baitakit nik Espiritu Santuaren edo Ama Birjina guztiz garbiaren grazia izan ote den, baina hiriburuan alkate berria izango dugu aurrerantzean; alkate euskaldun, abertzale eta ezkertiarra, alafede! Duela hilabete batzuk esana zidaten gerta zitekeela orain gertatu dena, baina Santomaxena eginez, ikusi arte ez dut sinetsi. Fede eskasekoa ni. Betierekoa zirudien, Ahalguztidunak igurtzia. Bere aurretik ezer egin izan ez balitz bezala, hiria eta hiriburua izan ez balira bezala. Donostiaren historiaren urteak bere kargu-hartzearekin batera zenbatzen hasi izan balira bezala. Berea argitasuna omen, bertutez jositako gaitasuna. Bereak bai “obrak”, eta ez faraoienak! Hori bai, Altzan, miserikordiazko obrak izan direla esan daiteke, hauteskundeei esker eginak, bestela hori ere ez baikenuen izango. Ezin adierazgarriagoa izan da hauteskunde egunerako hilabete faltan, nola agertu diren langileak kaleak asfaltatzera, jolas parkeak txukuntzera, edota parkeko farolak margotzera. Zer esanik ez udaltzainen joan-etorriak nabarmen ugaritu izana, baita Altzan inoiz ikusten ez diren trafikoko naranjitoenak ere. Agerpen zerutarrak, horratik! Kaleko elkarrizketak aditzea besterik ez zegoen ohartzeko jendea aspertuta zegoela lelotzat hartzeaz. Askoren ahotan entzun dut esaten lan horiek hauteskundeen aitzakiatan egiten direla, eta ez herritarrei mesede egiteagatik. Eta bitartean, “oh gu hemen, bidean galduak, lalaralala”, goiko jaun horien fedeari men egin nahi ez izateagatik kondenatuak, ez gara gure arimak salbatuko zituen mesiasaren zain egon. Aldaketa geuk bideratu dugu. Saiatu dira apokalipsia iragartzen, egitasmo koloretsuan bildutakoei itsumena leporatzen, beren zeruko argia ilunduko duen aldia profetizatzen. Nola erretxindu diren ikusita, ezin ziurtatu orain arte eskaini diguten gurutze-bidea amaitu denik. Baina esperantzari ezin uko egin eta, horregatik, portua eskaini diote matazatarrek itxaropenari; tamainan, ez superportua, ezta leiho soila ere. Orain eltzea sutan jartzeko garaia da. Eutsiko dion? Eutsiko ez dio, bada!