...ta ez gaude konforme
Lehengo batean trago bat hartzen ari nintzen Tabakaleran, tabernatik kanpo baina eraikinaren barruan dagoen mahaietako batean. Gazte bat agertu zen, mahai berean esertzerik ba ote zuen galdetu zidan, eta hortxe zabaldu zituen DBHko laugarren mailako liburuak. Ingurura begiratu eta konturatu nintzen ni nintzela arrotza hor: ondoko mahaian zeuden bi nerabeak ere ez ziren ezer edaten ari, talde-lan bat egiten baizik. UBIK itxita dagoela gogoratu nuen orduan.
Iruditzen zait ez dituela hautsak behar bezainbeste harrotu, Tabakalerako sorkuntza liburutegiaren itxierak. Nago, erabiltzaileen zein langileen profila bestelakoa balitz, herritarrok gogorrago salatuko genukeela egoera, oposizioko alderdiak egurrean ariko liratekeela, eta honetan guztian ardura dutenei egingo geniekeela, behintzat, kilima pixka bat.
Gazteak dira, ordea, erabiltzaileak; gazteak, hilabete eta erdi greba mugagabean daramaten Ubikeko langile azpikontratatuak ere. Demografiaren piramide alderantzikatuan hondoratuta daude, adin batetik gorakoek duten pisuak zanpatuta. Ikusezinak dira. Hauteskunde kanpaina hastear da, gainera, eta agintariak ez daude txikikeriatarako.
Helburua ahalik eta boto gehien eskuratzea baldin bada, estrategikoki ez dago ezer leporatzerik: adin txikikoek ez dute hitzik hauteskundeetan, eta 18-35 urte artekoak gero eta gutxiago dira; demografiaren bilakaerarengatik, eta Donostiako etxebizitzaren prezio itogarriek asko eta asko deserriratu dituztelako. Zertarako denbora galdu boto-emaile potentzialen talde urriena erakartzen, baby boomaren belaunaldia seduzituz gero, etekina askoz ere handiagoa bada?
Estrategikoki zilegi izan daiteke, bai. Baina gazteek helduak antzarak ferratzera bidaltzea bezain zilegi, haien beharrizanak (instalazioak, lan baldintza duinak) gutxiesten dituen hiri batean bizitzeaz nazkatuta.