Talka eta eztanda
Egiako Gazteszenara ekarri zuen orain gutxi Formol Laborategiak Album antzezlana. Millennialek millennialei buruz sortutako lana. Oholtza gainean gure motxila, presioak, aurreiritziak, zalantzak, beldurrak… eta horien guztien artean galduta egotearen sentsazio iraunkorra. Umoretik, baina serio. Korapiloei barrez erantzunagatik ere, ez diotelako korapilo izateari uzten. Eta ordutik ditut denak dantzan, buruan eta sabelean. Baina nola ez gara ba galduta sentituko?
Talkan bizi gara etengabe. Talka gara. Mundu analogikoaren eta digitalaren arteko talkaren epizentroa. Gaztetasunaren eta helduaroaren arteko talka. Guk nahi dugunaren eta gugandik espero denaren arteko talka. Hazi gaituzten ipuinen eta saiakera liburuetako bizi-eredu alternatiboen arteko talka. Emozioaren eta arrazoiaren arteko talka. Talka. Eta eztanda.
Eztandaren generazioa gara. Emanda iritsi zaiguna lehertzera etorri garenak, baina kode berriak ulertzeko gai ez garenak. Norma irauli nahi dugu, giza-arauak kolokan jarri, horretarako prest ez dagoen sistema batean, eta horretarako baldintzarik eduki gabe.
Dena zalantzan jarri. Erabakiak hartu. Deseraiki. Ikasi. Huts egin. Berriro hasi. Bidetik urrundu. Itzuli. Kritiko izan. Onartu. Kolokan jarri. Kokatu. BOOM!
Kontraesanean bizitzera kondenatuta gaude. Agian, hori da gure kondizioa. Batzuetan, status quo-a onartzea besterik gelditzen ez zaigula pentsatzen dut, eta era berean, ez garela sekula horretan eroso sentituko. Baliteke, dena dela, deserosotasun hori bera izatea eraldaketarako gakoa, baina orduan, eraldaketaren izenean, deseroso biziko garela asumitu behar dugu ezinbestean. Eztanda egiten asmatu behar genuke, baina gure burua lehertu gabe. Inkonformismoarenak eskuetatik alde egin digu, beharbada? Nireak ere umoretik, baina serio. Txantxaren eta egiaren arteko talkan. Talka.
P.D.: Millenniala den oro joan dadila mesedez Album ikustera. Eta besteok ere bai.