Tasa turistikoaren eztabaida, funtsezko gaietatik arreta desbideratzeko
Eneko Goiak berriro hitz egin du Donostian bisitariei tasa turistikoa ezartzeko aukeraz. Udal Gobernuko kideek, oposizioak eta beste erakunde publiko batzuetako ordezkariek erreakzionatu dute, eta berehala azaldu dituzte euren iritziak. Urtean 4 milioi euro bil litezkeela kalkulatu dute, turista bakoitzari gaueko euro bat eta bost artean kobratuta.
Aste Nagusi betean tasa turistikoari buruzko eztabaida berreskuratzea kalkulu politiko hutsa da. Gaiari neurria hartzeko borondatea irudikatu nahi dute. Udal-gobernukideek ñabardura txikiak erakusten dituzte beren posizioetan, turismoaren hazkundearen aldeko funtsezko apustua zalantzan jartzen ez duten bitartean. Tasaren proposamenak donostiarren ezinegon nabarmenari erantzun nahi dio. Baina turistifikazioaren arrabola herritarren kritika ororen gainetik igaro da azken urte hauetan. Ez daitezela saiatu hauteskunde aurreko hilabeteetan bakoitzaren erantzukizunak lausotzen.
Erakunde publikoek gizarte-premiak asetzeko adina aurrekontu izatea beti da desiragarria, baina ez gaitezen despistatu. Santa Klara uharteko artelanak 5 milioi euroko kostua izan du altxortegi publikoarentzat, Easotik Ibaetara doan metroaren igarobidea egiteko 200 milioi euro inguru erabiliko dituzte, eta 2020tik hona Espainiako Gobernuak 10.000 milioi euro baino gehiago baliatu ditu ostatu eta garraio enpresa turistiko handiak erreskatatzeko.
Kontua da ez dela bermatzen tasa turistikoaren bidez bildutakoa turistifikazioaren kalte ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak arintzeko erabiliko denik, aurrekontu publikoak espekulatzaileei, turistifikazioari eta gure hirian eta lurraldean neurrigabeko proiektuei laguntzeko erabiltzen diren bitartean.
Donostiarron artean kezka oso zabaldua da. Udan erdialdeko kaleetako betealdiaz harago, badira konponezinak izan daitezkeen ondorio larriagoak. Etxebizitzaren prezioak eragindako bizilagunen kanporatzea, eredu ekonomikoaren erabateko desoreka, hiriaren elitizazioa, merkataritza txikiaren eta ostalaritzaren endekapena eta hiriko zein auzoetako lotura komunitarioak hausten dituzten faktoreak dira. Hori ez da eurotan bakarrik neurtzen, baina geure gorputzetan sentitzen dugu galera.
Turistifikazioan interes zuzenak dituzten enpresek, erakunde publikoek eta komunikabide boteretsuenek bisitari-kopurua, hotelen okupazioa eta aireportuetako hegaldi-kopurua handitzen diren bakoitzean, adibidez, ospatu egiten dute. Hori turismoaren hazkundea legitimatzea da. Hori kontakizun bat eraikitzea da; hazkunde hori gehienontzat onuragarria dela dioen kontakizuna. Ez gaude ados eta aurre egiten diogu.
Donostiarako proposamen zentzudun bakarrak, gaur egun, turismoaren pisua murriztera daramatenak dira; gaitz handiagoak saihesteko lehenbailehen hartu beharko genukeen norabidea da. Desiragarriena hiri-eredua pixkanaka eraldatzeko prozesu bat litzateke. Apurka-apurka, monolaborantza turistikoarekin hautsi behar da, turismoan baldintza prekarioetan lan egiten duten pertsonentzako irtenbideak bilatu behar dira beste sektoreetan, espazio batzuk bizitza komunitarioaren paradigmatik urbanistikoki birplanteatu behar dira… Prozesu gardena eta planifikatua izan beharko litzateke, baina hiriaren turistifikazioak eragiten dien auzotar guztiekin adostua. Ezin da gertatu erakundeek, mundu guztia defendatu beharko luketenek, jarduera turistikoan interes ekonomiko zuzenak dituztenei obeditzea.
Turistifikazioaren, espekulazioaren eta esplotazioaren aldeko politikak turismo jasangarriaren izenean egiten dira. Baina gaur egun Donostian indarrean dagoen turismo eredua ez da iraunkorra; eta sektore hori hazteko proposatzen den edozein bide ere ez da jasangarria izango. Desazkunde turistikoa kontzeptuak zalantza sortzen du zenbait sektoretan, baina uste dugu jarduera turistikoak hirian duen pisua gutxitzea dela gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik jasangarria den eszenatoki batera iristeko modu bakarra.
Fitur eta antzeko azoketara ordezkaritza lotsagarriki zabalak eramateko, atzerriko hedabideetan publi-erreportajeak ordaintzeko, Gabonetako hiriburu edo beste edozein sasi-titulu irrigarri izateagatik beste hiri batzuekin lehiatzeko milaka euro bideratzen dituena ez da arduraz jokatzen ari. Turistifikazioaren dogma zalantzan jartzen dugunok baztertzen saiatzen dira, baina bitartean donostiar gehienon baldintzak okertzen eta arazoa areagotzen ari dira.
Nerea Arregi Topas
(Bizilagunekin, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma)